GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Hardcorea bizitzeko jarrera bat dela argi dauka Fly Shit taldeak

Egunotan plazaratu du Fly Shit taldeak estudioko azken lana: «Arnas bakoitzeko ernetzen». 1980ko hamarkadako hardcore-punk doinuak erreferentzia nagusitzat hartuta, entsegu lokalean landutako hamar kantuk ikusi dute argia, taldeak berak ekoitziriko lanean. Gaur Durangoko Plateruenan joko dute zuzenekoan diskoa aurkeztuz.

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Euskal Herriko hardcore-punk musika eszena underground giroetan mugitu izan da beti. Hori du bere espazio naturala. Mugimendu honetan kokatzen diren taldeek, irrati libre eta zuri beltzeko fanzineetatik at apenas dute oihartzunik ohiko komunikabide eta musika aldizkarietan. Zeresanik ez, irrati-kate komertzial eta telebistan. Alta, horrek ez du esan nahi mugimendu bat existitzen ez denik. Gaztetxe eta taberna txikiak dira halako musika taldeen jomuga nagusia, eta Euskal Herriko zirkuitua ez ezik, Europa mailan ere ugariak dira egiten dituzten kontzertu birak. Era berean, atzerritik datozen gisako musika taldeentzako zirkuitu sendoa eta osasuntsua dago gurean. Amurrioko La Kuadra, Mogambo aretoa Donostian, Kixkil ostatua Baionan, Zarauzko Putzuzulo gaztetxea...

Multzo horretan kokatu behar dugu Fly Shit taldea. Duela hamalau urte Bergaran sortua, urrats txikiz egindako bidaia luze bezain oparoa burutu dute zalaparta handirik atera gabe. Batez ere Ameriketako Estatu Batuetako 80ko hamarkadako hardcore-punk eszenako musika izan dute eragin nagusi eta koordenada horietan hazi eta hezi dira urte hauetan guztietan. Poison Idea, Bad Brains, SNFU edota RKL bezalako taldeak izan dituzte erreferentzia musika bidaia abiatzeko. Gertuago, Bap!! edo Eskoria-tza taldeen zertzeladak sumatu daitezke egun laukote den taldean.

Eloy (bateria), Osto (baxua), Seti (Ahotsa) eta Ander (gitarra), horiek osatzen dute gaur egun Fly Shit taldea. Urteak atzera, bigarren gitarra-jotzaile bat ere aritu zen taldean: Unai Azkarate, egun, Azkaiter Pelox edota Mahaster River bezalako egitasmoetan ari dena. Eloy (Governors eta EH Sukarra taldeetako kide egun) atzerrian izan zenean, Dubi izan zuten bateria astintzen, baina itzultzean berriz ere hasierako formaziora itzuli zen taldea. Aldaketak aldaketa, taldeak bere izpirituari eutsi dio urte hauetan guztietan.

Bizitzeko jarrera

Hortik ulertu behar da taldearen musika bidaia: bizitzeko era bat. DIY filosofia (do it yourself), hau da, «zuk zeuk egin», ez da modako esaldi bat Fly Shit taldeko kideentzako, bizitza hartzeko era baizik. Eta zentzu horretan, hardcorea ez da abiada biziko musika era soilik. Ander Elorza taldeko gitarra jotzaileak honela adierazi digu: «Guretzako hardcorea askoz urrunago doa. Ez da musika era soilik, bizitzeko modu bat da guretzako». Lehen diskoa Gaztelupeko Hotsak zigiluaren babesean kaleratu zuten 2001ean, eta garai horretan ezagutu zuten musika industriaren alde komertziala. «Gure diskoak merkataritza gune handietan zabaldu ziren, baita ohiko musika dendatan ere. Alta, konturatu ginen agian hori ez zela gure espazio naturala», dio Anderrek. Geroztik, autogestioa izan dute bidaide argitara eman dituzten disko guztietan. Kontzertuen aukeraketan ere nabari da musika sortu eta jotzearekin batera zerbait gehiago badagoela taldearen baitan: «Guretzako garrantzitsua da emanaldiaren aspektu guztiak kontuan izatea. Nork antolatzen duen emanaldia, sarreren salneurria, taldeen baldintzak...».

Disko berria

«Arnas Bakoitzeko Ernetzen» disko berrian aurretik landutako musikan sakontzen du taldeak. Diskoa osatzen duten hamar kantuak azken bost urte hauetan eginak dituzte. «Hasierako urteak abiada bizikoak izan ziren gurean, baina gauzak lasaiago hartzen ditugu egun. `Bizitza... baina nola bizi?' (2006) diskoa kaleratu bezain laster hasi ginen disko honetarako kantuen konposaketan, eta estudiora sartu baino hilabete batzuk lehenago amaitu genuen». Disko berrian hamar kantu sartu dituzte, guztiak taldeak sortuak. «Hamar kantu landu ditugu disko honetarako, eta, hamarrak grabatu eta argitaratu ditugu. Entsegu lokalean ideia batek aurrera egiten badu, kantu bilakatzen dugu», dio Anderrek.

Grabaketa prozesua aurreko diskoaren antzekoa izan den arren, badira aldaketak eta garapenak laukotearen musikan. «Grabaketa bakoitzean ikasten zoaz, eta aurretik egindakoa hobetzen saiatu gara». Zentzu horretan, musika tresna bakoitza ederki sumatzen da, betiere talde indarra galdu gabe. «Diskoak taldea zuzenean zer den islatzen du. Badira estudioko tranpa txiki batzuk, baina orokorrean ez dago zuzenera eraman ezin daitekeen ezer. Gu garenarekin fidelak izaten saiatu gara».

Hamar kantu berrietan, hasierako sustraiak ederki nabarmentzen dira. AEBetan 80ko hamarkadan landu zen hardcore-punka taldearen konstante bat izan da urte guztietan zehar. Hala ere, erritmo aldaketa ugari eta musika era ezberdinek ere izan dute tokia sorkuntza berrietan. «Gure sustraiak argiak dira, baina ez gara horretara mugatzen. Gustuko duguna geurera ekartzen dugu, geure nortasuna emanez», zehaztu du Anderrek.

Gaur bertan Durangoko Plateruena antzokian arituko da taldea «Arnas bakoitzeko ernetzen» diskoa jendaurrean aurkezten. Emanaldi berezia izango da Bergarako laukoarentzako. Kartel buru, Alemaniako Jingo de Lunch talde mitikoa arituko da. «Jingo de Lunch betidanik entzun dugun talde bat da. Musikalki hard-rock giroetatik hurbilago daude egun, baina urteak atzera nolabait eragina izan zuten gugan». Aurrera begira, Bergara eta Azpeitian hitzartu dituzte emanaldiak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo