Hamaika «orgasmus», hamaika idazleren begietatik ikusiak
GARA | BILBO
Azkenaldi honetan plazan agertu diren emakumezko idazleen inguruan hainbat galdera eta «matxismo» sortu da literatur munduan eta Erasmus belaunaldia deitu izan zaio talde berri horri. Izan ere, atzerrian kokatutako istorioak idazten omen dituzte denek. Hala, liburu hau, «Orgasmus», izengoiti hori dela-eta sortutako erreakzio bat izan da.
Aspaldi da Erasmus ikasketa programari «Orgasmus» deitzen zaiola, atzerrira joaten diren ikasleek epe horretan lantzen dutena ez baitira bereziki ikasketak. Hori dela eta, Irati Jimenezek «Berrian» idazten zuen zutabean behin «Orgasmus» nahiago zuela Erasmus baino aitortu zuen.
Baina, liburu honekin adierazi nahi den erreakzio hori ez da pipertua, Katixa Agirrek azaldu zuen bezala, «umorez» planteatua izan baita. Eta «Orgasmus» izenburua kontuan hartuta, liburu honetan ipuin bilduma erotikoak argitaratu dira. «Nolabait sexuaren ingurukoak izatea zen hau egiteko baldintza bakarra», azaldu zuen Irati Jimenezek.
Ipuin atzerritarrak
Guztira hamaika idazlek hartu dute parte eleberri honetan, denak emakumezkoak direlarik, eta literatura sailean barneratzen du Txalapartak liburu hau. Idazleen artean, Irati Jimenez, Katixa Agirre, Iratxe Esnaola, Petra Schelm edota Tania Hearst aurki daitezke, ezagunak eta hain ezagunak ez direnak topa daitezke. Bakoitza munduko txoko ezberdinetan zegoelarik idatzi eta bildu dira kontaketak. Ondorioz, liburuaren aurkibidea mapa mundi bat dela azaldu zuen Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editoreak.
Ipuin horiek, beraz, sexuaren ingurukoak dira guztiak eta halako istorio txiki bat idaztea «ariketa entretenigarria» iruditu zaio Irati Jimenezi. «Oso ondo pasatu dut ipuina idazten eta oso pozik nago lortutako emaitzarekin», zioen idazleak.
Liburu honen bidez, beren nortasunaren defentsa ere egin nahi izan dute. «Hau da gure `hemen gaude' aurkezpena. Ez dugu emakumeak izateagatik barkamenik eskatuko eta hau da guk egiten dugun literatura, hemen duzuen gure ipuin bilduma, disfrutatu ezazue», azaldu zuen Jimenezek.
Honek Ameriketako Estatu Batuetan kokatu du kontaketa eta protagonistak pisua konpartitzen duten irakasle eta ikerlari bikotea da. Beraien arteko harremana ez da erraza eta, une batean, harreman mikatz hori harreman bero bihurtuko da. Une bero bat pasatuko dute. Istorio «anti-erromantiko» bezala deskribatzen du autoreak bere lana.