GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Zorte bila

Ez da etxe guztietan egiten, baina oraindik ere, zergatik egiten dugun ondo jakin gabe, nirean mahatsak jaten, irensten dira, beste askotan bezalaxe. Urtea hasteko modu hobe asko bururatzen zaizkit, besteak beste, urte garai honetan mahatsa ez delako bere punturik hoberenean egoten, baina urtero-urtero aurretik jan ditugun horiek bota beharrean egiten diot agurra urte berriari, oso ondo zergatik jakin gabe, gainera.

Hamabi mahats aleak kanpaiaren erritmo eta doinuan janez gero, urte oparoa ziurtatua omen dugu eta hortik saiakera guztiak. Nik ez dakit inoiz lortu dudan hamabigarren kanpaia entzun, mahatsa ahoan sartu eta berehala irenstea; bosgarren, seigarren, zazpigarren... kanpaikadan ahora eramandako mahats aleak eustearekin nahikoa lan dudalako eta, beraz, ingurukoei urte berri oparoa opatzeko ere nahikoa lan izaten dut. Hala eta guztiz ere, urtero errepikatzen dugu erritu bera, badaezpada.

Aurten ere hamabiak jotzerako mahatsak aurrean jarrita nengoen, irratiari adi-adi, eta kanpaiak ziren edo aurretik jo beharrekoak ote ziren... Hirugarren kanpai hotsarekin hartu nuen lehen mahats alea, eta bestela ere nahikoa lan badut...

Horregatik ari naiz, akaso, ohitura honi bueltaka, garrantzia kendu nahian, agian, eta urte osoan ditugun beste uste eta ohiturei begira. Igandeko errutinetan, esaterako, ondo finkatua daukat horoskopoari begirada ematea. Egunkaria hartu, gehigarria tartetik atera eta azken orrira egiten dut salto berehala, asteko horoskopoari erreparatzeko. Bertan, keinuak topatzea gustuko dut, arduratzen nauten kontuak identifikatzea eta aste horretan zortea izango dudala irakurtzea. Izan ere, ohiturak errepikatzeko adinako gaitasuna dugu aurrean dugun hori begirada selektiboarekin begiratzeko. Gehientsuenetan, ordea, ahaztu egiten dut irakurritakoa astearen joanean eta hark dakarkidanari ahalik eta modurik hoberenean aurre egiten saiatzen naiz, besterik gabe.

Bitxia da zortea. Ezin eseri eta besterik gabe hura itxaron, bilatu egin behar da; eta, aldi berean, bilatze hutsak esanahia kentzen dio, zorteak zorte hutsa izateari uzten baitio orduan. Urte berriaren atari honetan aurrekoak ekarritako «zortetxoak» mantentzea eta ekarri ez dizkigun haiek ekartzea espero dugu gehientsuenok. Zortearen zain egon gintezke edo hura bilatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo