Nafarroa sakon aldatzeko eskua luzatu du ezker abertzaleak
Ihes egiten utzi gabe, Nafarroako ezker abertzaleak 2011. urtean benetako aldaketarako aukerei eusteko konpromisoa agertu du eta Eusko Alkartasunari eta Aralarri «aukera hau» aprobetxatzera dei egin die. Nafarroan lehenengo indarra izatea «eskuinaren aroaren amaieraren hasiera» izan daitekeela diote eta bide horretan oztopoak jartzen dituztela salatu zuten.GARA |
Urte hasiera aurrekoaren gaineko hausnarketa egin eta berrira begirako eginbeharrak aztertzeko garaia izanik, Nafarroako ezker abertzaleak hobetu nahi lituzkeen hiru arlori buruzko gogoeta zabaldu nahi izan du. Hain zuzen ere, herritarrekin dituzten komunikazio bideak hobetzea, «lehentasunezko gaietan» dinamika berriak abiaraztea eta «benetako aldaketa politiko eta soziala» gerta dadin aukerak sortzea dira jarri dituzten erronkak.
Ohar bidez ezker abertzaleak azaldu zuenez, esku artean dituzten erronken «aktibo erabakiorra» gizartea izatea nahi dute. «Prozesu demokratikoaren garapenak, aldaketa politiko eta sozialari bultzada emateak, eta zergatik ez, Nafarroako Gobernuko balizko aldaketak eremu ezkertiar eta abertzaleak bultzatu dezakeen parte hartze sozialaren tamainarekin zerikusi zuzena du», independentisten ustez. Horregatik, gizartearen parte hartzerako eta dinamika saretuak egonkortzeko bitarteko berriak sortu nahi dituzte, «bizi dugun garai historiko honetan jendartea protagonista bilakatu dadin».
Bigarrenik, dinamika berriei dagokienez, «indar metaketa» bultzatu eta Estatu espainolaren interesak «politikoki borrokatuko» dituzten dinamika berri eta komunak sortzeko «konpromisoa» erakutsi dute. Gatazkaren konponbidea Euskal Herriaren zein jendartearen erabakitzeko eskubidearen onarpenean oinarritzen dela defendatu zuten; «horren inguruan Nafarroako jendartea aditua da», zioten. Izan ere, azaldu zutenez, «eskuina eta Estatua gure eskubideen ukapenaren paradigma dira, azkeneko 30 urteotan zentzu demokratikoan bizi izan diren garai guztietan hautu komuna egin dute bere interesen alde». Beraz, ezker abertzaleak garrantzitsutzat jo du «abertzale eta demokraten indar metaketa».
Hirugarrenik, aldaketa politiko eta soziala egungo ereduan «aldaketa sakona» bultzatu gabe ezinezkoa dela sinetsita, 2011 urteak «aliantza sozial berri baterako aukera eskaintzen du», independentisten ustez, eta EAri eta Aralarri aukera «aprobetxatzera» dei egin zien. Hala ere, lehen indarra izateko «sektore batzuek jartzen dituzten oztopoak» ez dituztela ulertzen aitortu zuten. «Eragileekin egindako bilkuretan gauza bera esan zaigu: borondatea egongo balitz ez dago gaindiezina den aldagairik. Eskua luzaturik jarraitzen dugu».
Ezker abertzaleak Nafarroa XXI hauteskundeetarako akordio proposamena muturrera eramateko asmoa agertu du, «aukerari ihes egiten utzi gabe».