GARA > Idatzia > Kultura

Dena prest da Zizur Nagusian 12. Hatortxu Rock jaia hartzeko

Asteburu honetan ospatuko da Nafarroako Zizur Nagusian Hatortxu Rock elkartasun jaialdiaren hamabigarren edizioa. Musikak eta aldarrikapenak bat egingo dute euskal preso eta iheslarien aldeko urteroko hitzorduan. Besteak beste, Berri Txarrak, Vomito, Zea Mays, Sorkun eta Vendetta ariko dira zuzenean.

p040_f01_250x128.jpg

Koldo OTAMENDI

Gabonetako azken egunekin batera ospatzen da Hatortxu Rock jaialdia Nafarroan. 1998. urtean abian jarri zenetik, urtero-urtero eta hutsik egin gabe ospatu izan da euskal preso politikoen aldeko elkartasun jaialdia, urte hauetan guztietan izandako oztopo eta trabei aurre eginez.

Hamabigarren edizio honetarako kokagune berria du Hartortxuk. Hasierako urteak Berriozar, Uharte eta Berriobeiti artean eman eta gero, joan den urtean Atarrabia eta Burlata artean ospatu zen jaialdia, tartean Lakuntzan egin zen jaialdia kontuan izanik ere. Urte honetarako ezinbestean aldatu behar izan dute jaialdiaren kokagunea Hatortxu Rock antolatzen duten lagunek. Horietako bat da Iker Isiegas, eta afera honi buruz galdetu nahi izan diogu: «Historikoki kokagunez aldatzera beharturik aurkitu gara, alderdi politiko edo egunkari batzuen presioa dela-eta, baina oztopo bezala ikusi baino erronka berri gisara hartzen dugu egoera hau», adierazi du egunotan karpa handiaren muntaketa lanetan den boluntario gazteak.

Kokagune berriaz galdegitean horrela definitzen du Zizur Nagusiko Ardoi gunea: «Aurtengo kokagunea txikiagoa izan arren, jendearentzat erosoagoa izango da, eta ez da lokatzik egongo». Azken urteotan bezala, bi karpa kokatuko dira, non musika taldeak eta disko jartzaileak igaroko diren gaueko ordu txikiak arte: «Ostiraleko emanaldia xumeagoa izango da, eta larunbaterako bi karpak erabiliko ditugu: handia, talde rockeroentzat, eta txikia, berriz, ZTK RAP eta DJentzako egokitua», dio Ikerrek.

Bi eguneko jaialdia

Aurtengo afixaren ezaugarri nagusietako bat jaialdia berriz ere bi egunekoa izango dela da. Ez da lehen aldia Hatortxun formatu hau erabiltzen dela, baino azken urteotan ez da oso ohikoa izan honako joera. Horrela bada, ostiral gauez abiatuko da Hatortxuren 12. edizioa, taula gainean Zea Mays eta Sorkun ariko direlarik. Larunbata izango da egun handia Berri Txarrak, Kaotiko, Vendetta, Gatibu, Vomito, Governors, ZTK Rap eta Amaiur taldeen parte hartzeaz arratsaldeko seietatik aurrera.

Ostiral gaueko emanaldirako hasiera batean Kerobia boskotea iragartzen zen, baina taldeko abeslariak izandako istripu bat medio, Sorkun eta bere taldekideak izango dira taula gainera igo direnak. Ikerren esanetan, lehen egun honetako apustua argia da: «Hatortxuko egun handia larunbatekoa den arren, horrelako festibal bat muntatzeak dakarren azpiegitura guztia aprobetxatu nahi izan dugu. Beste era bateko jaialdia izango da ostiralekoa, hurbilagoa, intimoago, lasaiagoa».

Bertako taldeak nagusi

Hatortxuren hamabigarren edizioko afixari so eginda, datu bat nabarmentzen da: bertako taldeen aldeko apustua. Hatortxuko beste hainbat ediziotan ugariak izan dira Estatu espainoletik edota atzerritik gerturatu diren musika taldeak, eta aurten ere aukera hori izan dela adierazi digu Ikerrek: «Taldeen aukeraketa oso zaila izaten da. Azken batean, talde batzuk kanpoan utzi behar izaten ditugu, eta aurten etxeko taldeekin osatu dugu afixa». Zentzu horretan, gogora ekarri behar da Hatortxu Rock jaialdia Nafarroan sortu zela, eta bertan eman dituela urte hauek guztiak. Horrela bada, ugariak izan dira jaialditik pasa diren talde nafarrak, eta gaur egun talde handiak diren batzuek Hatortxun izan zutela lehen agertoki handia zapaltzeko aukera. Zerrenda amaigabea litzateke, baina hona hemen jaialdian aritutako nafar talde esanguratsu batzuk: Koma, Leihotikan, Lendakaris Muertos, Bizardunak, Hesian, Dank, Berri Txarrak, Marea.... «Guretzat garrantzitsua da bertako taldeen aldeko apustua egitea. Kontraesan iraunkor bat da guretzako: alde batetik, talde berri gehiagori aukera eman nahiko genieke, baina bestalde jaialdiaren bideragarritasuna bilatu beharra daukagu. Oreka bat bilatu beharra dago», dio Ikerrek.

Urtero afixa erakargarri eta anitza eskaintzen saiatu dira Hatortxuko lagunak. Beti ere rock musika ardatz izanik, ugariak izan dira bertatik igaro diren musika proposamenak. Tartean, hainbat musika talderen bat egitea edota itzulera bizi izan ditu Hatortxuk: «Taldeak berriz elkartzea ez da inoiz gure helburuetako bat izan. Bat-bateko aukerak izan dira: batzuk bidean agertu dira, eta beste batzuk `agerrarazi ditugu': aurten Vomito dugu gurekin eta ziur berezia izango dela bere emanaldia».

Sarri aipatu izan da Hatortxu ez dela gisako beste festibalen antzekoa. Jaialdiaren funtsa, antolakuntza era, eta batez ere musika taldeen inplikazioak Hatortxu ezberdina egiten du. Era berean, aipatzekoa da ere, oztopo guztien gainetik, jaialdia 12. ediziora iritsi izana, jaialdiak etengabean sortu eta desagertzen diren garai nahasi hauetan. Izan ere, urtero musika taldeen inplikazioa handia izan bada ere, ezinbestean gogoratu behar da 2009ko ekainean Nafarroako Lakuntza herrian ospatu zen 10. edizio berezia. Hiru egunetan, 70 musika taldetik goiti izan ziren taula gainean elkartasuna musika festa bilakatzeko. «Orokorrean Hatortxurekiko taldeek duten jarrerarekin pozik gaude. Hamargarren edizioan inplikazioa ikaragarria izan zen, eskaturiko esfortzua, luzez bete zuten musika taldeek. Horretaz aparte, talde bakoitza mundu bat da, beraz, bakoitzaren parte hartzea ere desberdina da», zehaztu du Ikerrek.

Izan ere, oraindik ere musikak badu kontzientziak astintzeko gaitasuna gurean, eta Hatortxuren antolakuntza eta xedeak horren adierazle argiak dira Iker Isiegasentzat: «Beti esan izan da, musika errebeldia modu bat izan dela: Hego Ameriketako iraultzetan, 60ko hamarkadan eta beste hainbat kasutan. Gaur egun, munduan, orokorrean hori aldatu da, musika beste aisia mota bat bihurtu da, Euskal Herrian, ordea, errebeldia horren tantta batzuk geratzen direla sinetsi nahi dugu», dio itxaropentsu.

«Hator, Hator» lelopean

Urtero legez, «Hator hator neska mutil etxera» leloa izango du Hatortxu jaialdiak, espainiar eta frantziar espetxeetan sakabanatuta diren presoekiko elkartasunak bultzatuta. «Beti bezala, jaialdi hau azkena izango den desioarekin antolatu dugu, baina zoritxarrez urte gehiegitan pentsamendu bera izan dugu eta Hatortxu berri baten abian aurkitu gara. Gobernu espainolak eta frantziarrak duten espetxe politika, presoentzat kriminala izateaz gain, senideentzako ekonomikoki tamalgarria da». Beraz, jaialdiaren etekinak gastu horiek arintzeko bidean erabiliko dira. «Ehundaka boluntariok hainbat egunetan egiten duten lanaz harro gaude, gure presoen duintasunaz harro gauden moduan».

Hatortxu ere egokitu da garai teknologiko berriotara eta sarean bada jaialdiari buruzko informazio osatua lortzeko web atari bat: «www.hatortxurock.com gunean jaialdiari buruzko informazio osatua aurki daiteke: Zizur Nagusiaren kokapena, mapak GPS datuarekin, sarrerak erosteko aukerak..»

Emanaldiak 21.30ean hasiko dira ostiralean eta 18.30etik aurrera, larunbatean. Sarreraren prezioa 12 eurokoa izango da ostiralean eta 20 eurokoa larunbatean, aldez aurretik erosiz gero, eta 15 eurokoa eta 24koa, leihatilan erosiz gero. Bi egunetarako bonoa 25 eurotan eskuratzeko aukera ere badago. Sarrerak Internet bidez ere eskura daitezke www.gara.net atari digitalean.

Musika koktelera anitza eta koloretsua, Hatortxu rocken ezaugarrietako bat

Euskal Herrian ospatzen diren neguko jaialdien artean sona berezia hartu du Hatortxu Rock ekimenak. Aurtengoan, bi eguneko egitaraua iragartzen zaigu, beti ere rock musika ardatz izanik, baina koktelera anitz eta koloretsuarekin.

Ostiral gaueko emanaldia xumea eta formatu txikikoa izango da. Zea Mays taldea “Era” diskoaren aurkezpen emanaldietan murgildua dabil azken hilabete hauetan. Laukote bilbotarrak  «sarrerik ez» afixa zintzilikatu du diskoa aurkeztu duen areto askotako leihatiletan eta aukera polita izan daiteke taldea agertoki handi batean ikusteko. Sorkunek, berriz, azken unean afixatik erori den Kerobia taldea ordezkatuko du. Emanaldi akustikoa egingo du Errenteriako musikariak, tartean, Kashbaden garaiko kantuak joko dituelarik formatu ezberdin batean.  Larunbata izango da egun handia Hatortxun. Arratsaldeko seietatik aurrera, musika festa amaigabea izango da Zizur Nagusian. Berri Txarrak formazio berriaz taularatuko da Zizur Nagusian. Azken aste hauetan Euskal Herriko hainbat aretotan eskainitako emanaldietan, Gorkak, Galderrek eta Dabidek osatzen duten hirukoa geldiezina dela erakutsi dute. Vendettarekin erritmo festazaleak nagusituko dira, ska-rock-reggae giro mestizoak jorratuz, eta punk-rock gaztea eta oldarkorra, berriz, Kaotikoren doinuekin. Vomito taldearen parte hartzea ere berezia izango da. Urte ugariko isilunea egin eta gero, berriz ere taula gainean da Irungo taldea. Atzera begira egon gabe, disko berria kaleratu berri dute eta sortu dituzten kantu berriekin batera, ez dira faltako 80ko hamarkadan klasiko bilakatu ziren zenbait abesti esanguratsu bere kantu zerrendan. Gatiburen rock gordina, Governors-en gitarra zorrotz metaleroak eta Amaiur taldearen dantza eta borroka jaiarekin osatuko da gaua.

Taldea gazteentzako tokia ere izango da aurtengoan. ZTK Rap talde nafarrak, hip-hop giroak ekarriko ditu, eta ohikoa den moduan DJ Jo ta Txo, Dj Nari eta DJ Elepunto disko-jartzaileak gaua girotuko dute goizaldeko ordu txikiak arte. K. O.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo