Gari Berasaluze, Aroa Lasa eta Martxelo Diaz (*) Euskal Herria-Palestina sarearen izenean
Israel, hiltzen nauen eskua
Israelgo hainbat kultur eragilek eta erakundek giza eskubideen urraketak salatu eta sionismoaren basakeriak gelditzeko eskatzen dute, baina beste askok ez dute sekula urrats hori egin eta, areago, sionismoaren ikur nabarmenenak dira nazioartean. Esther Ofarim, esaterako
Laztantzen nauen eskua» diskoa plazaratu berri du Miren Fernandez abeslari eta musikariak. Abenduaren hasieran aurkeztu zuen Donostian, egun batzuk geroago Durangoko Azokan eta oraintsu Zarautzen, zuzenean.
Miren Fernandezen ibilbidea ezagututa eta lan honek euskal musikari eta kulturari egiten dion ekarpena aitortuta, hitz hauek sinatzen ditugunok pozik hartu dugu Mirenen bakarkako lehen diskoaren argitalpenaren berri. Sortzailetik sortzailera, zorionak, benetan.
Diskoaren harira zenbait hedabidetan argitaratutako elkarrizketetan musikariak berak nabarmendu duenez, ordea, diskoak Esther Ofarim abeslari israeldarraren bi abesti biltzen ditu, Pako Aristi idazlearen euskarazko hitzekin. Horren harira, biei gutun irekia helarazi nahi diegu.
Ez gara hemen hasiko Israelgo Estatua zer den, nola sortu zen eta nazioarteko legeria guztiaren gainetik gaur egun giza eskubideak zein basatiki urratzen dituen nabarmentzen. Iritzi artikulua baino egunkari osoa beharko genuke, eta ez genuke amaituko. Joan den astean bertan, berriro ere, Gaza bonbardatu zuen, zibilez betetako herriak eta auzoak suntsituz.
Giza eskubideen urraketa etengabe horiei aurre egiteko eta apartheid egoera nazioartean ezagutarazteko, Boycott, Divestment and Sanctions (BDS) mugimendua sortu zen duela bost urte Palestinan, munduko herrietako gizarte zibilari eskaera zehatza eginez: Israelgo estatuari boikota, desinbertsioa eta isunen kanpaina egitea, apartheidaren Hegoafrika haren aurka egin zenaren antzera.
BDS kanpainaren baitan, Israelekiko boikota sustatzeaz gain, Palestinarekiko zubiak eraikitzea ere eskatzen denez, azken urteotan euskal herritar ugari izan da lurralde okupatuetan, bateko eta besteko erakundeek antolatutako brigada ezberdinetan. Testuinguru horretan sortu da aurten Biladi Hadi, eta Euskal Herriko hainbat musikari, idazle, kazetari, bertsolari, ikasle, pailazo, hezitzaile eta alor askotako beste hainbat eragile Palestinan izan gara udan, hango herriekin senidetuta dauden hainbat euskal herritako alkate eta zinegotziekin batera.
Bertatik bertara, gure begiekin ikusi dugu palestinarrek egunero sufritu behar duten bazterkeria eta apartheid egoera. Ez da sinesteko modukoa. Lazgarria, benetan.
Batzuei ez digute Palestinara sartzen ere utzi. Beste batzuek orduak eta orduak eman ditugu aireportuetan israeldarren esku, jazarrita, biluztuta, galdera berberei erantzun eta erantzun. Erabateko inpunitatea duenaren harrokeriaz aritzen baita Israel, bai nazioarteko elkartasunarekin eta begiraleekin, eta zer esanik ez palestinarrekin.
Horren aurrean, zubiak eraikitzeari ekin diogu: laster argitaratuko dugu Palestinako emakume idazleen antologia, euskaraz, hemengo hamasei idazlek euskaratuta. Argazki liburu bat eta beste hainbat ekimen ere bidean dira. Palestinako haurrak irribarrez eta dantzan jarri ditugu, eta esker onez arabieraz abestu digute «Maite zaitut», sudur gorrien disko berrian entzun daitekeen moduan. Hemengo eta hango musikarien artean elkarlanean aritu gara: Rim Bannak eta DAM taldeak gurekin abestu eta grabatu dituzte Mikel Laboaren hitzak, eta hori guztia ere laster entzun ahal izango dugu elkartasun abesti gehiago bilduko dituen diskoan.
Zubiak eraikitzeaz gain, ordea, ozen aldarrikatu behar dugu Israelekiko boikota eta, batez ere, Esther Ofarim bezala, estatu sionistak nazioartean aurpegia zuritzeko bidelagun dituen musikari eta kirolari guztiekiko mespretxua. Esther Ofarim ez da neutrala. Ez da musikari bat soilik. Israelgo hainbat kultur eragilek eta erakundek giza eskubideen urraketak salatu eta sionismoaren basakeriak gelditzeko eskatzen dute, baina beste askok ez dute sekula urrats hori egin eta, areago, sionismoaren ikur nabarmenenak dira nazioartean. Esther Ofarim, esaterako.
Horregatik, Esther Ofarimen lanari hauspoa ematea, horri Pako Aristik euskarazko hitzak idaztea, eta hedabideetan guztia musika, literatura edo artea soilik balitz bezala aurkeztea, ezin dugu onartu, eta guk ere hedabideetan nabarmendu nahi izan dugu.
Hori esanda, Miren eta Pako, biak ala biak gonbidatu nahi zaituztegu, Euskal Herriko dozenaka musikarik, idazlek, kazetarik eta beste hainbat sortzailek egin dugun bezala, giza eskubideak eta nazioarteko legeria urratzen dutenen zurikeriatik aldentzera, gurekin batera Palestinarekiko zubiak eraikitzera eta, sionismoa palestinarrak sistematikoki hiltzen dituen eskua den bitartean, Israeli boikota egitera.
(*) Gari Berasaluze, Aroa Lasa eta Martxelo Diazekin batera, Jon Aranburu, Axier Lopez eta Ruben Sanchezek ere sinatzen dute idatzi hau