GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Waltari buru dela, igandean abiatuko da Buruz Burukoa

Finala otsailaren 27an jokatuko da eta, aspaldiko partez, Donibane Garaziko Garat trinketean izango da.

p039_f01.jpg

Jon LEUNDA

Igandean hasi eta otsailaren 27an amaituko da Berezkoen Buruz Buruko Txapelketa. Berrikuntza batzuekin aurkeztu zuten atzo Baionan lehiaketa, eta nabarmenena finala jokatzeko lekua izango da. Azken hamarkadan Baionan, Modernen, jokatu da azken partida, baina aurten Donibane Garazira eraman dute azken norgehiagoka.

Waltari izan da Nafarroa Behereko hiriburura finala eramateko arrazoi nagusia. Moderne trinket berria da, kristalezkoa, eta horietan sekulako mina egiten du kubatarrak. Azkeneko finalek ez dute kolorerik izan, eta berdindu nahian, betiko trinketera eraman nahi izan dute, baina amaitu berri den Superprestigioan ikusitakoa eta gero, ez dirudi gauzak asko aldatuko direnik.

Azken urte hauetan Bearnon ere izan dira lehiaketako partidak. Pauen eta Oloroen izan dira, baina aurten ez da han jokatuko, eta aspaldiko partez Landesetara eraman dute, Saint Martin de Hinxen jokatuko baitira bi partida. Horren arrazoietako bat Jannots pilotaria da, izan ere, azken urte hauetan ez bezala, Landesek ere ordezkari bat izango baitu aurten.

Une honetan 23 pilotari dira profesionalak, eta horietako 16 arituko dira lehian; arrazoi ezberdinak medio, Etxeberri, Ibarrola, Bielle, Idiart, Intxauspe, Sorhuet eta Dermit ez baitira arituko. Azken hilabete hauetan sei pilotari pasatu dira amateurretatik berezkoetara, eta Intxauspe ez beste guztiak arituko dira; Lanbert anaiak, Jannots, Bonebeltx eta Agirre lehian izango baitira.

Txapelketa lau adarretan banatu dute, eta laurak igandean abiatuko dira. Lehen adarrekoak Baigorrin izango dute lehen partida, 16.00etan. Bertan LLanbert eta Agirre neurtuko dira. Irabazlea hilaren 16an Saran neurtuko da Lazkanoren aurka, eta garaileak Waltari izango du aurrez aurre hilaren 21ean Senperen. Bigarren adarrekoak ere Baigorrin abiatuko dira, eta igandeko bigarren partida izango da. Bertan, Larretxea eta X. Lanbert lehiatuko dira. Irabazleak Alfarorekin jokatu beharko du hilaren 16an Saran, eta garaileak Kurutxari izango du zain hilaren 21ean Senperen jokatzeko.

Hirugarren adarra Saint Martin de Hinxen hasiko da igandean, 16.00etan. Abiatzeko, Ducassou eta Bonebeltxe neurtuko dira. Irabazleak Etxetorekin jokatuko du Armendaritzen hilaren 16an, eta garaileak Ozafrain izango du zain hilaren 22an Baionan. Laugarren adarra ere igandean hasiko da Saint Martinen, eta jaialdiko bigarren partida izango da, Ezkurra I.aren eta Jannotsen artekoa. Irabazleak hilaren 16an Armendaritzen Harizmendi izango du aurrean, eta garaileak Baionan zain izango du Ezkurra II.a hilaren 22an.

Lau adarretako irabazleek finalerdiak jokatuko dituzte ligaxka moduan, denak denen aurka hilaren 30ean, otsailaren 6an eta 13an, Arrangoitzen, Garendainen eta Donapaleun. Finala Donibane Garazin jokatuko da otsailaren 27an, 17.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo