Euskal hiriburuak prest, Ekialde Urruneko Errege Magoen etorrerarako
GARA
Biharko egunez, Ekialde Urruneko hiru erregeek magiaz beteko dituzte Hego Euskal Herriko hainbat hiri eta herritako kaleak. Azken egunetan antolatze lanetan buru-belarri aritu ondoren, han-hemenka prest dituzte opariz beterik iritsiko diren erregeei ongietorria emateko ekitaldiak. Atzo, Bilbon esaterako, lehen agerraldia egin zuten erregeek bihar arratsaldez izango den desfilea aurkezteko. Hain justu ere, arratsaldeko 18.00etan abiatuko da kabalkada Jesusen Bihotzaren plazatik, eta Kale Nagusia eta Buenos Aires kalea zeharkatu ondoren udaletxeko plazara iritsiko da. Bertan, ohi denez, bakearen aldeko mezua irakurriko dute eta gero haurrek eurekin egoteko aukera izango dute.
Bilboko Kale Nagusia, Esne Bide Nagusi bihurtuko da bihar. Izan ere, aurtengo desfilearen gaia dela-eta, erregeek galdutako espazio-ontzi bati etxerako bidea aurkitzen lagunduko diote. Ikuskizunean 9 karrozak eta ametsen tren batek hartuko dute parte; lau kale antzezpen ere izango dira.
Donostiara, bestalde, eguerdiko hamabi eta erdiak aldera iritsiko dira Kontxako hondartzara eta handik udaletxe aldera joango dira; Meltxor eta Gaspar gameluz eta Baltasar elefante gainean. Bertan, arratsaldeko bostak bitarte haurren eskariak jasoko dituzte; gero, hiri erdiguneko kaleetan zehar egingo da desfilea. Guztira 700 lagun inguruk hartuko du parte desfilean, 7 karroza izango dira eta 2.100 kilo gozoki banatuko dira.
Iruñean eta Gasteizen ere ez dute Errege Magoek kale egingo. Arratsaldeko laurak inguru iritsiko dira Nafarroako hiriburura Magdalena zubitik eta handik ordubetera udaletxean izango dira. Haurrekin izan ondoren, iluntzean egingo da kabalkada, 19.00etan Ezkirotz kaletik irtenda. Gasteizen, berriz, goizeko hamaiketan Renfeko geltokian izango dira Errege Magoak. Billa Suso jauregian umeen eskariak entzun eta iluntzean, 19.00etan, Bilbao plazan hasiko dute desfilea, hankapaluek eta erraldoiek lagunduta.