GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Egin ditzagun behar beste urrats

Euskal Herria gatazka egoera batetik eskubideetan oinarrituriko eszenatoki batera igarotzeko ezinbesteko bide orria den Gernikako Akordioa hegalak zabaltzen ari da. Iragan irailean eragile anitzen sostenguz adosturiko engaiamenduaren baliagarritasuna nabarmentzera datoz Bilbon izandako martxa erraldoiaren irudiak. Agiri horretan biltzen dira bakean eta demokrazian bizitzeko euskal jendarteak aspalditik adierazi nahikeria. Atzo berriz ere karrikan azaldu gogoa.

Milaka urratsek itzultzen duten burrunba zoragarriaren soinupean, herri honen borondatea gauzatzeko ate berria zabaldu zuen agiria berrirakurtzeko gomita igortzen dizuet.

Akordio horrek lehia alderdikoitik harago heldulekua eskaini zion jendarteari, bakoitzaren interes politikoetatik at eremu komun bat marraztu zuelarik.

Txikitan babesleku deitzen genion jauzika eta korrika genbiltzala preziatutako oasiari. Bertan biltzeak aparteko haize hartzea ematen zigulako. Aitzina maniobra sendoagoak egiteko parada eskaini zigulako.

Gernikako Akordioak eskakizun zehatzak zuzendu zizkien ETA erakundeari zein Alderdi Politikoen Legea herri honen askatasunak jazartzeko baliatzen duen Gobernu espainolari.

Urte zaharrak ez zituen espero ziren arrapostu guztiak ekarri. Horregatik da hain garrantzitsua urratsez urrats bidea egiten segitzea. Bestelako geroa posible dela erakutsi du ezker abertzaleak. Bere ondoan, jendartearen aitzinean argiki agertu dira, Gernikan bezala, atzo Bilbon, aldaketak bultzatzeko borondatea duten eragile anitz, milaka herritarrek lagundurik.

Madrilgo bulegoetan izandako bilera ilun horiek gatazka politikoa aterabide demokratikora eramateko engaiamendu zabalak sortu duen urduritasunaren erakusle dira. Aulkien berotasuna hala edo hola atxikitzeko azkartu dituzten harremanek aldaketaren sakontasunak sortzen duen kezka agerian uzten dute.

Estatua ez dela mugitu? Atzo Bilbon emandako urrats bakoitza lurrikara sortzeko beharrezko den energia gehitzera dator.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ezker abertzalearen estrategiari bere sostengua eman berri dio, adierazpen horrekin ausardia politikoaren denboran gaudela nabarmenduz. Karrikan dagoen indarra babesleku bilakatuz, bestea noiz mugituko zain gelditu gabe, urrats bat eta gehiago egiteko denbora da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo