GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Inazio MURUA

Larunbateko kronika armairutik irten gabe

Atzoko manifestazioa ikaragarria izan omen zen. Oraindik ez dut ezer irakurri, baina ez da harritzekoa, kontuan izanda aurreko egunean idazten ari naizela... (bai, ba, Euxebio, gaurko prentsa irakurri ondoren idatzi izan banu, ezinezkoa izango lukek nire hau gaurko egunkarian agertzea). Baina, gaur -atzo alegia- idatzita ere, badakit ikaragarria izan zela (bazakiat hik ere badakiala, Euxebio, baina hi bertan izan haiz, eta ni armairu batean itxita nagok eguerditik). Badakit andreak esan didalako. Ikaragarri handia, ikaragarri hunkigarria eta animo ikaragarria ematen dutenetakoa (baina animo hori ez genikek datorren urtea arteko elikagai modura hartu beharko, e, Euxebio?).

Gaurko honetan atzoko manifestazioaren kronika egiteko asmoa nuen, baina azkenean gizon arruntaren, gizon arrunt amorratuaren larunbateko kronika idatziko dut.

Manifara joateko ohi baino goizago bazkalduta, nire gustuko zamarra aspaldiko partez jantzi gabe nuela gogoratu zait eta haren bila hasi naiz armairuetan barrena, aspaldiko ilusioa berreskuratuta («Wild at Heart» filmean Laura Dern-ek Nicolas Cage-i bere zamarrarik gogokoena ematen dionean bezala). Eta horma-armairu handi horietako baten barrura sartu naiz, kaxa batek erakarrita. Argia piztu dut, gure armairutzarrak argia eta guzti baitauka, eta kaxa zabaldu. Argazkiak, argazki zaharrak. Lehenengoan soldadu jantzita agertzen naiz ni, a ze piura... Bigarrena hartu eta kolpe bat entzun dut neure atzean. Armairuko atea. Ez du axola... edo bai, segituan giltzaren hotsa entzun baitut. Itxi ez ezik, giltzatu ere egin dute armairua, bitxia gero. Barre algara entzun dut gelatik aldentzen. Semea. Kabroia. «Ja-ta txiki-txiki egingo nikek!», egin dut neure artean. Oihuka hasi naiz, andreari deika. Berehala, haren pausoak entzun ditut gelara hurbiltzen, gaitz erdi. Gela zabaldu du eta baietz, entzun nauela: «Lasai, ez duk batere presarik. Gu bagoazak amonaren bila, autobusean itxarongo diagu. Gero arte, maitea». Eta gela itxi du. Ni oihuka hasi naiz atzera berriro... kaleko atearen danbatekoa entzun arte.

Eta hemen nago, kronika emazteari egunkarira bidaltzeko eman ondoren, semea armairuko giltzarekin noiz ailegatuko zain. Kabroia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo