Errugbia Ohorezko Maila
Erakustaldia emanez, bost puntu lortu ditu Biarritzek
Zuri-gorriek sekulako norgehiagoka egin zuten, eta hamar entsegu lortzeko balentria egin zuten. Lauretek eta Augustek hiruna gauzatu zituzten.
BIARRITZ 65
AGEN 22
Jon LEUNDA
Gozatu ederra hartu zuten atzo Agilerako harmailetara hurbildu ziren zaleek. Izan ere, Biarritzek garaipena eta erasoko puntua lortzeaz gain, sekulako erakustaldia eman zuen, eta azken bi porrotak istripu bat izan zirela erakutsi zuen bere afizioaren aurrean.
Errugbian talde batek hamar entsegu sartzea oso zaila izaten da, horixe egin zuen, ordea, atzo talde lapurtarrak. Hasieratik bukaerara jaun eta jabe izan ziren. Erasora atera ziren, bi partida jarraian galdu ostean garaipena eta erasoko puntua behar zituztelako, eta Agenek ez zuen izan ezer egiteko tarterik.
Dena erabakita zegoenean, ostera, etxekoek erritmoa jaitsi zuten, eta horretaz baliatu ziren frantziarrak hiru entsegu egin eta markagailua apur bat itxuratzeko, baina, hala ere, eskandalagarria geratu zen.
Lauret eta August izan ziren partidako bi protagonista nagusiak, biek hiruna entsegu lortu baitzituzten, baina Ngwenya ere ez zen atzera geratu, bi egin baitzituen. Yachvilik ere puntu mordoa lortu zuen, guztira sei transformazio eta zigor-kolpe bat gauzatu baitzituen -denera 15 izan ziren bereak-.
Orain Biarritzi bide beretik jarraitzea besterik ez zaio geratzen, nahiz eta atzokoa bezalako erakustaldiak egitea oso zaila izango den, goi mailan horrenbeste puntu egitea ez baita gauza erraza izaten.