GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

TOP 14

Azken minutuan lortutako entseguak lau puntuko balioa izan du

AVIRON 25
CASTRES  22

J.L.

Neurketa amaitzeko minutu bat falta zela Boutatyk lortutako entseguari eta gero Audyk gauzatutakoari esker, atzo Avironek garaipen garrantzitsua lortu zuen etxean Castresen aurka, Ligako sei onenen artean sartzeko aurkari zuzen baten aurka. Atzo arte lau puntuko aldea ateratzen zion talde frantziarrak lapurtarrari, baina atzo Castresek defentsako puntua batu zuen eta orain puntu bakarra ateratzen dio.

Norgehiagoka oso estua izan zen, bi taldeak zelairatu baitziren garaipenaren bila. Avironek bazekien atzo galduz gero, alde handia aterako ziola Castresek, eta sailkapenean ere helburuak gero eta urrunago geratuko zirela.

Etxekoak ongi hasi ziren eta hogeigarren minuturako 12-0 aurreratu ziren bi zigor-kolpe eta drop bat lortu ostean. Zaleak sinistu ezinik zeuden, lehen hogei minutu horiek oso onak izan baitziren, baina berehala hasi ziren okertzen, kanpotarrak ez baitzeuden lo.

Castres jokoan sartzen hasi zen, eta atsedenaldira joan aurretik hiru zigor-kolpe lortu eta 12-9ko emaitzara gerturatzea lortu zuten. Baina lehen zatiko azken jokaldian zuri-urdinek zigor bat gauzatu zuten, eta 15-9 aurretik joan ziren aldageletan atseden hartzera. Bigarren zatian, ordea, kanpokoak izan ziren nagusi, batez ere lehen minutuetan, eta gauzatutako entsegu bat lortuta, 15-16 aurretik jarri ziren.

Jarraian, ordea, Garciak zigor bat lortu zuen, eta etxekoak berriro ere aurretik jarri ziren. Castres nagusi zen, ordea, eta bi zigor-kolpe lortu ostean 18-22 jarri ziren aurretik. Partida amaitzeko zortzi minutu falta ziren, eta Avironek aurrera egin zuen. Bi minutu geroago kanpotarrek hamar minuturako Rolland galdu zuten hark txartel horia jaso ostean, beraz, ez zuen gehiago jokatzeko tarterik. Horretaz ongi baliatu ziren Lievremontek zuzentzen dituen mutilak, azken minutuan gauzatutako entsegu bat lortuta, eta garaipena segurtatuz.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo