Elkartasun doinu gogor zein dantzagarriz biribildu zen XII. Hatortxu Rock jaialdia
Hamabigarren urtez elkartasun doinuak iritsi ziren atzo eta ostiralean Nafarroatik zeldetaraino. Zizur Nagusian ospatu zen Hatortxu Rock jaialdia eta, atzokoan, zortzi musika taldek jarri zioten soinu banda gauari. Traba guztien gainetik aurrera egiten dakiela erakutsi zuen berriro ere antolakuntzak eta jendearen erantzuna ere neurri-neurrikoa izan zen. Azken urtetako elurren faltan, haizea eta euria bihurtu ziren protagonista.
Ane ARRUTI | ZIZUR NAGUSIA
Elkartasunarekin bi hitzordu nagusi izan ziren atzokoan Euskal Herrian eta horietako bat Nafarroan izan zen. Eguna iluntzearekin batera zabaldu zituen ateak Hatortxu Rockek eta gutxinaka baina etenik gabe, jendea iristen joan zen Zizur Nagusiraino. Iaz Atarrabian izan zen jaialdia baina, presio politikoak medio, lekuz aldatu behar izan dute. «Iaz, ikusita zer denborale egin zigun, kontzertua ongi atera zen eta gustura gelditu ginen. Aurtengo tokia hobea da baina okerrago komunikatuta dago», esan zigun Iker Isiegas antolatzaileak, kontzertuak hasi aurretik.
Baikor ziren antolatzaileak, «gaurko zaila da kalkulatzen zenbat jende izango den baina aurre salmenta oso ongi joan da eta espero dugu, dena betetzen ez bada ere, erantzuna ona izango dela», esan zuen Isiegasek. «Egia da tokia ez dela Atarrabia, jendeari ez zaio erraza egiten Zizurreraino etortzea. Bilboko mania ere hor dago. Guk gonbidapena luzatu diogu jendeari hara joateko eta bueltatzeko. Ez da erraza eta koste ekonomikoa ere badakigu handia dela, Bilbora joan eta etorri egitea. Baina horrela atera da eta guk esaten dugun moduan, bi hitzordu garrantzitsu dira Euskal Herriarentzat, preso eta senideentzat, eta bietan da garrantzitsua egotea. Gu hemen goizaldera arte egongo gara musika eta parrandarekin».
Berogailuak bazirela abisua emana zuten jaialdiko arduradunek eta, arratsaldeko tenperaturak ikusita, ez zirudien beharrezko izango zirenik. Haizea hezurretaraino sartuta, ordea, gustura hartu zuten gehienek karpetako goxotasuna eta 20.30 aldera hasi zen euri zaparradaren babeserako ere ederki etorri zen aterpea.
ZTK Rap hip-hoperoek eman zioten hasiera gauari karpa txikian eta jendea pixkanaka-pixkanaka berotan sartzen hasi zen. Karpa handiko kontzertuak, berriz, 19.00ak aldera abiatu ziren. Vomito beteranoak izan ziren zortzi taldetan lehenak. Aspaldian eszenatokiak utzita, indartsu bueltatu da laukotea eta ohi duten moduan gitarra sarkor eta azkarrekin astindu zuten betez zihoan karpa. Ez ziren «Ratas de ciudad» edo «soy una bomba nuclear» bezalako ereserkiak falta izan eta, batez ere, zaharrenek gustura oihukatu zituzten.
Governors taldearen txanda izan zen ondoren, jaialdiaren hamargarren urteurrenean Lakuntzan ospatutako edizioaren kantua egin zutenak, hain zuzen. Taldeak bere web orrian adierazi duenez, zuzenekoetan atsedenaldi bat hartzeko asmoa du orain. Kontzertu soila baino, ikuskizuna izaten da hauen emanaldia eta atzo ez zuten hutsik egin. Gainera, Keu Agirretxea gitarrista berriak taldearekin egindako lehen kontzertua izan zen. Sekulako amaiera eman zioten, Hatortxu Rockeko kantuarekin, konfeti eta txinparta artean. Amaiurreko kantaria izan zuten lagun.
Egunkari honen edizioa ixtean, Gatibutarrak utzi genituen taula gainean eta ikusleak pozik, dantzan eta parrandarako gogoz. Ez zuten aitzakiarik izango horretarrako, ondotik etorriko baitziren Berri Txarrak, Kaotiko, Vendetta eta Amaiur.
Presioen gainetik, aurrera
Hamabi urte bada esperientzia eta eskarmentua hartzeko adina denbora eta horixe erakusten du Hatortxu Rockeko antolakuntzak. Oztopoen gainetik arrakasta itzeleko jaialdia osatzea lortu dute urteak joan, urteak etorri. 1998an hasi zen jaialdiak behartutako leku aldaketa mordoa jasan ditu bere historian zehar. Honela azaldu zigun Iker Isiegasek. «Berriozartik Uhartera mugitu behar izan genuen, handik Berriobeitira, ondoren Atarrabiara eta orain Zizur Nagusira. Guk erronka bat bezala ikusten dugu eta zoritxarrez, ohitu egin gara jadanik».
Hainbeste aldaketaren arrazoia ere azaldu zigun Isiegasek: «Historikoki bada arazo garrantzitsu bat daukaguna. Badaude alderdi eta komunikabide batzuk sekulako presioa egiten dutenak jaialdia bertan behera uzteko eta aurten berdina gertatu da», esan zuen. «Atarrabian oso ongi egin genuen, horrela adierazi ziguten bertako udaletxeko kideek, herritarrek ere bai, baina azkenean nagusitzen diren kontuak presio politikoak dira».
Jaialdiko antolakuntzak Zizur Nagusiko herriari eskertu nahi izan zion hamabigarren Hatortxu Rock aurrera ateratzeko emandako laguntza guztia. «Eskerrak eman nahi dizkiegu bai bertako udaletxeari eta baita bizilagunei ere. Beraiek ere presioa aguantatu behar izan baitute. Guk dena ongi uzteko ahalegina egingo dugu eta hurrengo urtean ikusiko dugu zer gertatzen den». Atzokoan ere, izan zen Nafarroako indar polizialen presentziarik. Herriaren sarreran, Foruzaingoak sekulako kontrolarekin eman zieten ongietorria Hatortxu Rockera zihoazenei.
Leku aldaketaz gain, aurtengo beste berrikuntzetako bat formatu aldaketa izan da. Izan ere, bi eguneko jaialdia izatera pasatu da Hatortxu Rock. «Normalean gau bakarra egin izan dugu Lakuntzan kenduta. Aurten formatu ezberdinarekin saiatu gara, ongi atera da eta suposatzen dut saiatuko garela berriro egiten».
Sorkun eta Zea Mays izan ziren ostiralean Zizurren eta giro intimoan ospatu zuten gaua. «Taldeen eta entzuleen artean konplizitate hori lortu nahi genuen, ez agian parranda formatuan. Espero baino jende gehiago etorri zen. Uste dut lortu dugula jarri genuen helburua: beste mota bateko kontzertua egitea eta kalitatezkoa. Jendearen erantzuna oso ona izan zen, iritsi zaizkigun iritziak ere bai eta taldeen jarrera ere oso ona. Pentsatzen dugu hurrengo urteetan ere errepikatu egingo dugula esperientzia», esan zuen Isiegasek.
Gauean zehar, kontzertuen artean, hainbat bideo proiektatu ziren dispertsioak eta atxiloketek Euskal Herrian uzten dituzten ondorioak erakusteko. Bilboko arratsaldeko irudiak ere proiektatu ziren azkenekoan.
«Historikoki bada arazo garrantzitsu bat daukaguna. Badaude alderdi eta komunikabide batzuk sekulako presioa egiten dutenak jaialdia bertan behera uzteko eta aurten berdina gertatu da», azaldu zuen Iker Isiegas antolatzaileak.