GARA > Idatzia > Kultura

Judas Arrieta: «Niretzat pintura sukaldea izan da beti. ProBak egin, ondo pasa eta ea zer ateratzen den»

Ez du benetako izena, baina berea egina du jada. Judas Arrietaz ari gara. Ekialdeko kulturak aspaldi txunditu zuen artista hondarribiarrak Txinara jo zuen orain bost urte, eta bertan egonkortu da egun. Herenegun aspaldian zapaldu gabea zuen Bilboko Garabat galerian eskegi zituen bere marrazkiak.

p048_f01_358x144.jpg

Anartz BILBAO

Judas Arrietak (Hondarribia, 1971) zinema zuen amets txikitan, EHUn Arte Ederrak ikastera joan zen arte. «Beti marraztu izan dut -azaldu digu berak-, txikitatik ikusten nituen Ultramanak eta marrazki-bizidunak, eta komikiak egin nahi nituen, marrazten ondo pasatzen nuelako. Baina inork ez zidan irakasten komikiak marrazten, eta ikasi nuenerako konturatu nintzen ez neukala pazientziarik, oso geldoa zela prozesua, eta ez nintzela gai gidoiak sortzeko, istorio onak lortzeko».

Beraz, Arte Ederrak ikasi, arte garaikidea ezagutu -artista mordo baten sasiko semea dela esaten du berak maiz- eta «bide bakartiago bati ekitea erabaki nuen, pinturari».

Artistarentzat «pintura sukaldea izan da beti. Gauzak frogatu, ondo pasa eta zer ateratzen den ikusi». Eta jende askok modelo gisa bodegoiak eta hartzen dituen bitartean, berak bestelako bidea hartu zuen. «Beti nahi izan dut gaztarora bueltatu eta marrazki-bizidunei omenaldi bat egin, marrazteko maite ditudan elementuak erabiliz, eroso sentitzen bainaiz beraiekin». Horregatik, behin eta berriro txikitako ikono eta irudiak erabiltzen ditu sorkuntza lanetan. «Unibertsitatean ehun bat koadro marraztuko nituen, koadro esan badaiteke, eta gero ez nekien zer margotu... ez nuen ezertan sinesten. Eta Son Gokuak margotzera bueltatu nintzen», agertu digu. «Ondo pasatzen dut gauza hauek egiten eta komikien eraginez irudi banku handi batekin egiten dut lan; bi paleta banitu bezala, koloreena eta irudiena».

Eta txikitako erreferentzia horiek nahastu eta marrazkiak sortzeko prozesua aberasgarria egiten zaio. «Lanen bilakaeraren isla koadroetan agertzea gustatzen zait, horregatik daude askotan saturazio horiek nire lanetan. Eta urteekin, hasi naiz konturatzen nire lanak nire garaiko elementuetan duela abiapuntu, gure belaunaldiak jasotako eraginak agertzen dituela nire modura, neure burua marrazki-bizidun, bideojoko, animazio, komiki eta besterekin lotzen baitut».

«Z Lovers» da Bilboko Garabat galerian (Maiatzak 2 kalea, 19. zenbakia) hondarribiarrak paratu berri duen erakusketa -herenegun izan genuen irekiera ekitaldia-. Bertan formatu ertaineko marrazki sorta bat aurkezten du, iazko udan Txinan landua eta, berak adierazi bezala, artistaren haur eta nerabezaroko iruditegia omentzen duena. Galeriakoen esanetan, «Judasek bidaiatzeko gonbita egiten digu, arteaz joko bat balitz bezala goza dezagun. Eta horretarako, Quiz Z joko antzekoa agertzen digu, bere marrazkietan ezagunak ditugun komiki, animazio eta besteetako elementu gehien nork aurkituko, nork ezagutuko». Badira hamar urte hondarribiarrak Bilbon lanak erakusten ez zituela -unibertsitate garaian bertan ibilia bada ere-, eta egun zertan dabilen agertzen duten marrazkiak eta panpinen bat ekarri ditu bertara -bere esanetan, erakusketa intimoa da atondu duena-.

Artistarengana bueltatuta, «fan edo zaleei egiten die `Z Lovers' sortak deia. Fan, otaku edo freaky batek jasotzen duen informazioa eta hainbeste maite dituen kontuak nola erabiltzen dituzten beraien ikuspuntuak emateko». Izan ere, Judas Arrietak, berak aitortzen duenez, disko-jartzaileek bezala egiten du lan. «Gustatzen zaizkidan gaiak hartu eta hortik neure bertsioak sortzen ditut». Modu horretan artistak bere burua azaleratzen du. «Agertzen ditut neure gustuak, baita nire akatsak ere, margoztatzerakoan... zein material erabiltzen dudan eta nola margotu -urte hauetan material ezberdinak erabili ditu, baita panpinak eta eskulturak egin, instalazioak sortu...-. Lehen oihal estanpatuekin eta orain oso paper txuriarekin nabil lanean, marrazkiak egiten».

«Garabaten, betidanik jorratu ditudan gaiak ageri dira. Asko interesatzen zait `zale eroen' irudi hori, gustuko elementuak beraienak sortzeko erabiltzen dituztenak: `Begiratu zein fan naizen, ea zu ni bezain fan zaren' izango litzateke abiapuntua. Eta eskegi ditudan lanetan, koadro bakoitza istorio batean bihurtu nahi izan dut, komiki abstraktu moduko bat», dio bere lanari buruz hitz egitea ez baina teorizatzea kostatzen zaiola onartzen duen sortzaileak -a posteriori dator azterketa, bere esanetan-. Baina esloganak sortzea maite du, eta bereak ditu «Manga art», «Komik abstraktoa», «Arte ludiko festiboa»; bere lana definitu nahian. «Argi dut ikusleak nire lanekin gutxienez ondo pasatzea nahi dudala, lehenengo helburu gisa. Ez dut inor aspertu nahi; ni ez naiz gogaitzen nire lana egiten eta egunen batean aspertzen banaiz utzi egingo dut».

Garabatera bueltatuta, «Egiazkoa eta alegiazkoa dena batzen ditu Judasen lanak -diosku erakusketaren prentsa oharrak-, eta inteligentzia ironikoaren bitartez eman. Samurtasunez, sentiberatasunez, basakeriaz, malenkoniaz, zehaztasunez, erromantizismoz eta desasoseguz gainezka dago, azken batean, hondarribiarra artista grinatsua da-eta. Bizitza eraiki eta eskuzabaltasunez eskaintzen digun artista dugu, mendebaldar gorputz eta ekialdeko arima duena. Hiru buruko piztitzarra».

Judas Arrietak aspaldi sortu zuen «Judas Z» alter-egoa, eta orain marrazkietatik atera eta panpin edo jostailu bihurtu du, «gehienbat euskarria aldatzearren. Eta egun lan ugari egiten nabil beraiekin: kustomizatu, seriean egin, animazioak, instalazioak...». Arte munduan ere krisi egoera nabaritzen dela-eta, «saiatzen naiz nire obra egoerara egokitzen», azaldu digu artistak, eta koadro handiak egin beharrean, esaterako, lan arinagoak egiten.

Bere burua alfertzat duela dioen arren, langile sutsua da Arrieta. Bere lanekin nahikoa ez -bikoteak egiten dizkio kudeaketa eta ekoizpen lanak- eta egitasmo potoloagoak ere sortuak ditu, «Goazen Txinara» tarteko.

«`Goazen Txinara' euskal artea Txinan sustatzeko egitasmoa da -hirugarrenez jorratuko da aurten-. Erresidentzia programa bat egiten dugu artistentzako, bi hilabete Pekinen eman eta bertan aurretiaz aurkeztutako egitasmoak, epaimahai batek hautatzen dituenak, garatu ditzaten. Lau artista jasotzen ditugu urtero, binaka. Guk bidaia eta egonaldia ordaintzen diegu, eta beraiek eguneroko jana eta materialak ordaindu behar dituzte». Eta gero lanak bertan ezagutarazten ere laguntzen diete. Orain arte Lorea Alfaro, Taxio Ardanaz, Carlos Irijalba eta Jasone Miranda izan dira programan parte hartu duten artista batzuk.

Arrietak berrehun metro koadroko estudioa du Txinako hiriburu populatuan. Artista komunitate batean dago, ehun estudio biltzen dituena (% 80 txinar artistak dira eta gainerako % 20a atzerriko artistak dira). «Beijing nahiko hiri berezia da. Ni heldu nintzenean, orain bost urte, ez neukan argi gelditzeko zenik, baina egoerak eman ziren bertan gustura lan egiteko eta egitasmo irekiak lantzeko, `Goazen Txinara' tarteko, eta horretan nabil. Interesgarria da zubi lan hori egitea. Sor daitezkeen joan-etorriak oso aberasgarriak dira, eta nire nahia euskal eta txinatar kulturaren arteko zubi bat eraikitzea da».

«Txina modan dago -aitortu digu Arrietak-, denek hitz egiten dute Txinari buruz. Gaur egun oso protekzionista da artearekin, beste kontuekin bezala, eta Txinako artista icebergaren tontorra baino ez da ezagutzen kanpoan. Nire inguruan lanean dabiltzan artista txinatarrak, esaterako, ez dute inoiz Txinatik ateratzeko aukerarik izango. Bestalde, beraien egoera asko hobetu da, bertako galeriak, bilduma gileak... orain gutxi sortuak baitira, gazteak». «Apurka-apurka agertuko dira sheriff-ak eta hasiko dira legeak ezartzen, baina egun Txinan arte mundua Far West-a dugu, lege gabeko gunea, eta horrek gauzak egiteko aukera ematen dizu». Hondarribiarrak, bere aldetik, «txinatarrak bezala bizi naiz Txinan -aitortu digu. Lana erakusteko aukera dut, artista talde batzuen barruan nago... eroso sentitzen naiz».

Fitxa

Non: Garabat galeria (Maiatzaren 2a 19, Bilbo).

Nork: Judas Arrieta.

Zer: «Z Lovers» marrazki erakusketa.

Noiz arte: Martxoaren 9a arte.

 
5 urte Txinan

Judas Arrietak 5 urte daramatza Txinan. Bertan egonkortu eta eroso sentitzen dela dio, euskal kulturaren eta txinatarraren arteko zubiak eraiki nahian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo