GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

MANIFESTACIÓN EN BILBO

Gernikan, denok

Gaurko (atzoko) manifaren kronika Julio Cortazarrek idatz zeza- keen, eta gero bere «Historias de cronopios y famas» liburuan sartu. Noiz ikusi da manifestatzaileak manifestazioaren aurretik joatea, ba? Atzokoan.

Edorta JIMENEZ

Horixe. Manifetatzaileek pankartaren atzetik lekurik ez eta, batzuk aurrera etorri eta beste batzuk inguruko kaleetara. Botei- loia, esango nukeen nik, arratsaldekoak barik -bost eta erdiak, ordu ofiziala- goizekoak izan balira. Hil zen Julio, eta harrezkero ezin liburua luzeago egin. Manifa bai. Luzeago egin zitekeen. Baina ez Bilbon. Corrientes kalean, beharbada.

Atze-atzean hasita manifaren bururaino kalerik kale, Zirkularrera iritsi naizenean hara non hasten zaidan aspaldiko lagun bat esaten zapi berdea nola jantzi behar den. Berdea kronopion kolorea da-eta, Independentistak izenekoak atera duen hori janzteko argibideak eman direla, horrelakorik kronopioek baino ez lukete esango. Zera, komeni omen da zapiaren korapiloa garondoan eta zapia bera bularraldean izatea. Ederto. Sentitzen dut kronopio kontzeptua zehatzago ezin lantzea hemen, honek manifaren kronika behar du-eta izan. Ez dezagun errealitatea ahaztu. Erraza ere ez da egia, ez baitakit errealitatea zein den.

Arratsaldeko 18:26 dioen panel berberak hurrengo dioena 19 gradu ditugula da. Kalearen izena, Buenos Aires. Non nago? Julio Cortazar argentinarra zen. Eta kalean behera datozen senideak, nongoak dira? Zapi horiek, zer dakarkidate gogora? Guantanamo aipatu dute gero udaletxeko ze- rean. Eta Irak. Horixe ba. Argentina, eta presoen eskubideak. Eta ama eroak, eta amama zoroak, eta aitita makurrak, eta seme-alaba zertuak. Baina ni hitz horiek esan dituztenak baino lehen iritsi naiz. Neure buruaren kaltetan. Bozgorailuetan Ruperren kantua.

«Ez nekien euskaldun izatea zein nekeza den», dio. Egia. Zein nekeza den euskaldun izatea. Eta baskoa izatea ere ez da errazegia. Eskuetan «El contubernio nuclear, Lemoiz» izenekoa dakart, J L. Olaran Sustatxarena. Honelakoetara duela ia berrogei urte hasi nintzela etortzen gogora ekartzeko. Urtero bat, gutxienez. Balantzea egiteko tenorea da, antza. Horrexe- gatik ari naiz Lemoizkoa irakurtzen. Arrazoia norengan egon, indarra noren eskuetan, urteotako dialektika ulertu nahirik. Beharbada gaurko manifa hau ere ez da existitu.

Urteak zelan doazen, txo! Nire manifa guztien ostean gaurko (atzoko) honetako gazteena bilatzeari ekin diot. Soraluzetik Pello ekarri dute. Lau hilabete. Marka ona. Hurtado de Amezagako tabernetako batean izan, eta manifa han goian. Manifaren ostean, gazteago bat. Garaitik, Laida. Bi hilabete. Azarokoa. «Eskorpio, zure moduan», diost amak. «Ez deutsue sinistuko», diost gero. «Urdaibaiko beste ipuinen bat asmatu dozula, irakurleek», esan dit. Ba ez da asmatua. Laida eta Pello. Atxilotu egin behar ote dituzte? Gurasoak, noski. Deklaratzera deituko ote naute? Horko goiko helikopteroak ikusi al ditu horiek? Eta ni?

Manifa beti bezala inexistente izateko arriskua duen hau ezagutu dudan handiena delakoan nago. Ez zenbatu, GARA-kook! Ez zapuztu gure matematika apurra! Oi, «Egin» fusilatua zenbaketak egiten hasi zenean! Gaur ez. Ezin duzue zenbatu, madarikatuok! Ez ote zarete ba konturatu itxuraz boteiloia egitera etorri den jendetza hori manifara etorri dela, eta ez duela kalean sartzerik ukan? Udaletxeko eskaileretan jesarri naiz, Ruperren beste kantu hura gogoan. «Otis Redding badiako kaian eseri zen aeroplano eroriei kantatzeko.» «Hautsi da anphora» binilozkoan, Atxagaren hitzak. Gaur hautsi ote da anphora? Lemoizen kontrakoetan izaten ginen guztietan ere horrelaxe uste izaten genuen, kokoloak gu.

Ez dut esango Lemoizkoari buruzko liburua manifaren tartean osorik irakurri dudala. Baina ia-ia. Buruz nekiena oroitzea baino ez da izan. Gainera, hain izan da luzea manifaren tartea. Eta horrelaxe otu zait bertsolariena ere ia buruz jakin dudala. Bizkaiko azken txapeldunak «laister etxean nahi zaituztegu», kantatu du eta, ez dakit helikopterokoek grabatu duten «elkartasuna eta maitasuna» hori ere. Nik neuk betiko txapelduntzat dudanak «ohore eta kemen zuei», bota du. Tartean Alaia Martinek ere borobila bota du. «Nahi duguna lortuko dugu, hura sinesten badugu». Jon Maiak esan duen lehenengo hitza, berriz, Gernika izan da. Nire oroimenak ez du ge- hiagorako ematen, ez dakit helikopterotik grabatu duten. Hala bada, bidal bezate grabazioa Bertsolarien Elkartera. Estimatuko zaie, ziur. Egia, antolatzaileek grabatu bide dute. Baina batek daki horiek bihar non egongo diren.

Atzo, gaur, bihar, etzi. Manifa hauek! Cortazarrek «El perseguidor» narrazioan protagonistaren ahoan ipintzen duen «Hau bihar jo nuen» surrealista hori datorkit gogora. Heldu den urtean izanen da Gernika suntsitu zutela 75 urte. Data biribila, balantzea koadratzeko. Udaletxeko erlojuak 19:17 dio. «Egin dugu urratsa, egin dezagun bidea», erlojupetik aditu ditudan azken hitzak. Izan bedi gaur bihar. Eta betoz presoak eta iheslariak, laster-laster. Manifa inexistente hau amaitu denean horixe izan da bildutakoen poz keinuetan nabaritu uste izan dudana. Inoiz ez dugulako hain eskura izan. Datorren urtean Gernikan, denok?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo