Itsasoa
Da Hui Backdoor Shootout; atzeko atea Pipelinen
Urtarrileko itsaski handiekin ospatzen da Da Hui Backdoor Shootout. Pipeline Mastersen ondotik antolatzen den txapelketa da.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Negua urtaro tristea da gurean. Egun argi eskasiak nabarmen eragiten du itsasoko jardueretan. Mareak eta itsasoaren egoera kontuan hartu behar izateak ordu jakin batzuetan ekin behar izatea dakar, eta askotan momentu egokiena izan daitekeena ilunabarrean desegiten da. Urtarrilean ura hotz dago itsas kirolarientzat eta eguraldiak ere ez du asko laguntzen gehienetan.
Munduaren beste aldean ordea uda da, Australian kasu eta egoera bestelakoa da. Surf munduan garrantzi handiena duten irlek Hawaiikoek alegia, momentu gorena izaten duten garaia ere bada. Horregatik egiten dira izen handiko txapelketa asko abendua eta otsaila bitartean. Txapelketa hauek ASP zirkuitutik kanpo antolatutakoak izaten dira, ohiko txapelketa zirkuituek atsedenalditxo bat hartzen duten denbora tarte berean. Horietako batzuk txapelketa ereduen alternatiba moduan antolatutakoak izaten dira, edo horrela aurkezten dira behintzat. Horietakoa da Da Hui Backdoor Shootout txapelketa.
3 urautsi
Txapelketa honen izena ulertzeko komeni da Pipeline eta Backdoorren arteko zenbait berezitasun kontuan hartzea. Hastapenetan soilik Pipelinen egiten zen surf, hau da, olatuaren ezkerraldean (itsasotik lehorrera begiratuta). Denborarekin surflariak eskuinaldean ere surf egiten hasi ziren eta Pipelineren atzeko atea deitu zioten horri, Backdoor. Beraz, olatu berean ezkerraldera joanez gero, Pipeline da eta eskuinaldera joanez gero, berriz, Backdoor.
Pipelinek hiru urautsi edo arrezife dauzka. Lehen urautsia olatuek metro bat edo bi metroko altuera dutenean lehertzen da. Urertzetik oso gertu hausten da olatua, bi aldeetara, ezker-eskuin, baina batez ere eskuinaldeak (backdoor) ematen du joko gehien. Jaitsiera zaileko olatua izaten da, oso azkarra da eta askotan itxi egiten du, beraz, maila handia izatea eskatzen duen olatua da.
Bigarren urautsia olatuek hiru eta lau metroko altuera dutenean lehertzen da. Tamaina honekin olatua bere onenean egoten da. Jaitsiera zaila izaten da, ur gutxiko leku arriskutsua bilakatzen da, baina tubo bikainak sortzen dira. Gainera, olatuak bi aldeetara jotzeko aukera ematen du, bai backdoorrera, baita Pipelinera ere, aukera ohikoena Pipeline bada ere.
Hirugarrena, urertzetik urrunen aurkitzen dena da, olatuak oso handiak direnean bakarrik lehertzen da, lau metro baino gehiagoko olatuekin. Jaitsiera bertikala izaten da, baina beste bi urautsietan baino errazagoa da eta olatua bigarren arrezifera iristean itzelezko tuboa eratzen da. Hirugarren arrezife honetan olatuak lehertzen diren egunetan oso gutxitan ikusten dira surflariak eskuinaldean surf egiten (Backdoorren), izan ere, ez dute olatu guztiek irekitzen eta gainera itzuleran olatu handi batek azpian antzemateko aukera ia ziurra da.
Backdoor's backdoor
Beraien olatuetan atzerritarrak txapelketak antolatzen ikusteaz nazkatuta zeudelako hasi omen ziren lehiaketa hau antolatzen. Abenduan egiten den Pipeline Masters txapelketaren beste muturra da, horregatik deitu zuten Backdoor Shootout, pipelineko atzeko atea irudikatzearekin, beste aldea irudikatzen delako eta horrela desberdintasunak agerian geratzen direlako.
Abenduan ospatzen den WCTko zirkuituko txapelketarik garrantzitsuenaren alderantzizko txapelketa bailitzan aurkezten da Backdoor Shootout. Pipeline Triple Crown edo Pipeline Masters da abenduko txapelketa ospetsua, eta izenean Pipelineko olatua aipatu arren, gehienetan backdoorren egiten omen da, edo horrela dio Da Hui txapelketa honetako zuzendari Makua Rothmanek: "Pipe Masters gehienetan eskuinean egiten da, Backdoorren alegia, guk, ordea, ezkerrean egiten dugu txapelketa, Pipelinen, beraz izenak aldatuko beharko lirateke; Backdoor Masters eta Pipeline Shootout".
Backdoor Shootout
Urtarrilean egiten da, itsaski handien sasoian. Lehiakide gehienak hawaiiarrak dira, edo Hawaiin jaiotakoak behintzat. Bi dira sari nagusiak, bata, hiru olatutan puntu gehien bildu dituen surflariarentzat eta, bestea, puntu gehien bildu dituen taldearentzat.
Antolatzaileak Da Hui elkarteko kideak dira, Pipelineko lokalak alegia. Youtubeko bideoetan atzerritarrei ukabilkadak ematen eta taulak apurtzen agertzen diren berberak. “Line up”-ean edo urautsian, ordena ezartzea omen da haien egiteko nagusia. Beraietarikoa ez den orok ez du urautsian egoteko eskubiderik eta haiek uzten dituzten olatuak soilik har daitezke.
Itxuraz, txapelketa apala da. Epaileek puntuatu ahal izateko oholtza bat dute, baina gainontzean ez da apartekorik, ez megafoniarik, ez likra bereizgarririk, ezta ordenagailu bidezko puntuaketarik ere. Hala ere, diru sariak handiak dira.
Partaide bakoitzak marka izen bat ordezkatzen du eta marka izen bakoitza lau lehiakidek ordezkatzen dute. Txanda bakoitzean lau lehiakide izaten dira eta ez dago kanporaketarik. Alegia, txandak irauten duen 35 minutuetan ahalik eta olatu onenak hartu besterik ez da egin behar. Puntuaketa 0 eta 12 bitartean egiten da, beraz, olatu batek jaso dezakeen puntuaketa handiena 12 puntukoa da. Denera, partaide bakoitzak hiru txanda egiten ditu eta txanda horietan egindako hiru olatu onenen batura egiten da. Puntuaketa handiena lortzen duenak irabazten du.
Sariak
Aurtengoan irabazlea Jhon John Florences surflari gaztea izan da, eta taldeen artean ere berea atera da garaile, hots, Vans taldea.
Bigarren saria ere Vans taldeko lehiakide batek jaso du, Kalani Chapmanek, hain zuzen ere. Honek 20.000 dolarreko saria eskuratu du. Hirugarren saria, berriz, 15.000 dolarrekoa, Makua Rothmanek eskuratu du, txapelketa honen zuzendari eta Da Hui elkarteko lehendakari Eddie Rothamanen semeak, alegia.
Talde gisa irabazlea, Vans zapatila marka izan da, bere ordezkariek sekulako emaitzak jaso dituzte, lehen bi postuak talde honetako bi partaideek lortu baitituzte, Florence eta Chapmanek hain zuzen ere. Ez hori bakarrik, ordea, puntuaketa handiena jaso zuen olatua ere talde honetako kide batek egin zuen, Nathan Fletcherrek; 11,5 puntu jaso zituen txapelketako tuborik luzeena egiteagatik.
John John Florence
Florencesen sendia oso ezaguna da, bai Hawaiin, baita handik kanpo ere. Hiru anaietatik zaharrena da John, 18 urtekoa. Ama surflari aparta da, bai eta bere bi anaia gazteak ere. Haien gaztetasunak ez die Pipelineko olatuetan sartzea eragozten, ordea.
John John Florence bera, 2005ean, hamahiru urte besterik ez zituenean, Pipelineko munduko txapelketan parte hartzera gonbidatu zuten. Munduko lekurik arriskutsuenetako batean, munduko surflaririk onenekin, lehian jardun zuen. Pipeline Triple Crown txapelketan parte hartu duen surflari gazteena da, beraz. Azken txapelketa honetan ondo merezitako txapela eskuratu du, etxean, eta 40.000 dolarreko saria jaso du.
«Egunero surf egiten dudan lekuan garaipen hau lortzea handia izan da niretzat. Oraindik sinetsi ezinik nago. Gaur gauean lagunekin ospatzera aterako naiz».