GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Laurent Lanbert izan da jardunaldiko ezustea

p036_f02.jpg

J.L.

Laurent Lanbertek eman du Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako bigarren jardunaldiko ezustea, atzo Lazkano mendean hartuta. Berarekin batera, Alfaro, Harizmendi eta Bonebeltxe ere sailkatu ziren, nahiz eta azken honek ez duen jokatu beharrik izan, Etxetok eskuetako mina zuelako ezin izan baitzuen jokatu, eta Makeakoak jokatu gabe egin du aitzinera.

Saran jokatu ziren atzo bi partida eta bat Armendaritzen. Lapurdiko jaialdiko lehen norgehiagokan izan zen ezustea, Laurent Lanbertek mendean hartu baitzuen Bixente Lazkano, eta bigarren kanporaketa ere gainditu egin zuen.

Diruak Lazkanoren aldeko joaera baldin bazuen ere, apustulariek ez zuten asmatu. Lazkanok ezin izan zion aurkariaren jokoari aurre egin, eta amaieran 40-27 erakutsi zuen markagailuak, Laurent Lanberten alde. Hirugarren kanporaketa datorren ostiralean jokatuko du Senperen, eta hor gauzak askoz ere zailago izango ditu, izan ere egungo txapelduna, Agusti Waltari izango du gainditu beharreko pilotaria, eta horrek gaur egun ia ezinezkoa dirudi, eta are gutxiago Senperen, kristalezko trinketa baitu. Bigarren partidan Alfarok irabazi zuen, baina emozio handia izan zuen Larretxearen aurka jokatu zuen norgehiagokak, nahiz eta amaieran 40-36 erakusten zuen markagailuak Alfaroren alde.

Markagailuan eta jokoan nagusi hasi zen, eta 31-23 aitzineratu zen. Neurketak azkar amaitzeko itxura zuen, baina Larretxeak ongi erreakzionatu zuen, eta partidari buelta eman zion, 32-35 aurreratuz. Gauzak Zuraidekoaren alde jarri ziren, baina ordura arteko lanaren eragina izan zuen, eta amaieran Alfarok berriro ere buelta eman zion partidari, eta hurrengo kanporaketako txartela eskuratu zuen. Alfarok datorren ostiralean Senperen Kurutxariren aurka jokatuko du.

Hirugarren partida Armendaritzen jokatu zen, eta han Harizmendik ez zuen kale egin eta Jannnots landestarra utzi zuen bazterrean 40-29 irabazita. Azken hau 2-7 aurreratu zen, eta bazirudien lanak emango zizkiola Nafarroa Beherekoari, baina Harizmendik bere aginte makila dantzan jarri zuen, eta nahiko garaipen erosoa lortu zuen. Hurrengo kanporaketa datorren larunbatean Paxkal Ezkurraren aurka jokatuko du. Jokatu gabe aitzinera egin duen Bonebeltxek ere larunbatean Baionan jokatuko du, eta honek Patrick Ozafrainekin neurtuko ditu indarrak.