GARA > Idatzia > Euskal Herria

Biktimak askotarikoak direla esan diote Celaari

Biktimak eskoletara eramateko Hezkuntza Sailak abiatutako planean parte ez hartzera deitu zuen atzo Sortzen Ikasbatuazek. Biktimak «askotarikoak» direla gogorarazi eta horietako asko ikasleak direla nabarmendu zuen. Planak helburu pedagogikoak baino helburu politikoak dituela salatu zuen.

p014_f02_013x123.jpg

Nerea GOTI

Lakuako Hezkuntza Sailak abian jarritako Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako Planean parte ez hartzeko deia egin zuen atzo Sortzen Ikasbatuazek. Ikastetxe batean adostutako idatzi bat oinarri hartuta, ideia nagusi bi planteatu ditu: planean parte hartzeari ezezkoa adierazi behar zaiola eta era horretako erabakiak hartu aurretik beharrezkoa dela eskola komunitateko eragileekin kontsultatzea.

Ekimenak sare publikoko irakasleriari, ikasleriari, gurasoei eta langileen proposamenei erantzuna eman nahi die. Hain zuzen, Nafarroako eta Lakuako Hezkuntza sailek martxan jarritako zenbait plan aztertzeko asanbladak egin dituzte eta horietan erabakitakoa bere gain hartu du elkarteak, erantzun bateratua emateko asmoz.

Celaa sailburuaren egitasmoaren aurrean, beraz, gaia ikastetxeetara eraman eta eztabaida sustatuko du, eta argi utzi zuen Euskal Eskola Publikoan bizikidetza aspalditik lantzen dela eta «biktimen afera» dela Lakuak mahai gainean jarri nahi duena. «Bizi dugun gatazka gogorrak alde bakarreko biktimak soilik al ditu?», galdegin zuten, baita erantzun ere, «Euskal Herrian askotariko biktimak daude». Alde horretatik, biktima zerrenda luzea dela azaldu zuten: «Baditugu Euskal Herrian gerran fusilatuak izan zirenak, desagerraraziak, kartzelatuak... Gaur egun kartzelan eta erbestean dagoen jendea ere badago, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak, eta eraildakoak eta, horiez gain, Euskal Herrian baztertuta bizi diren pertsonak eta hil bukaerara heltzeko zailtasunak dituzten familiak ere badira eta, nola ez, gazteak ere biktimen artean kokatzen ditugu, bizitza proiektu bat eraikitzeko aukerarik ez dutelako».

Azaldutako errealitate horietakoren bat bizi duten ikasleak ere badirela ikasgeletan nabarmendu zuten, eta ikasle horiei ezin zaiela «beren sufrimendua edo biktima sentimendu hori ukatu» gaineratu zuten.

Sortzen Ikasbatuazen esanetan, Lakuak «diskurtso ofizial bakarra erakutsi eta ezarri nahi du, soilik biktima batzuk errekonozituz».

Hezkuntza arloan lan egiten duen elkartearen iritziz, Celaaren planaren atzean, helburu politikoak daude, ez pedagogikoak, eta asmo berbera ikusten dute Lakuak berak zein Nafarroako Gobernuak martxan jarritako beste plan eta dekretu batzuetan ere.

Ordezkapenak

Langileen murrizketa eta ordezkapenak egiteko epeak luzatu dituztela-eta, Sortzen Ikasbatuazek gutxiengo sindikalarekin adostuak direla kritikatu eta bat egin zuen gehiengo sindikalaren jarrerarekin. Gauzak horrela, ikastetxeetan ordezko irakaslea azaltzen ez denean gurasoei horren berri ematea eta kexak Hezkuntza Sailari helaraztea proposatzen du hezkuntza arloko elkarteak. Egoerak bere horretan jarraituz gero, plantoak egingo dituztela iragarri zuten.

Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarri nahi duten marko hirueledunaren eta Nafarroako TIL ereduaren aurka agertu zen Sortzen Ikasbatuaz, euskara hizkuntza gutxitua izanik, ezin delako gaztelania edota ingelesaren maila berean jarri. «Horrela ezin da euskara berreskuratu».

Euskal Herriko errealitatea irakasten jarraituko dutela esan zuen elkarteak Gasteizek onartutakoaren kontra. «Euskal curriculumaren eraikuntza bururaino eramateko konpromisoa hartzen dugu», adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo