GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

«Etorkizun berria», 2011ko birusa

Aitortza beti da egoera aldrebesa. Aldrebesa baino gehiago, zaila; zinez zaila. Aurretik gordetakoak gonbitoka mahai gainean plast botatzea bezalakoxea da, eta haiek denon agerian uztea. Aitortzari ere kiratsa dario, eta bere zipriztinduari ihes egiten dio normalean ingurukoak saltoka eta korrika, lehenbailehen bera ere oka egiten hasteko arriskutik ihes betean.

Aitortza sabelaren barrenalderik barrenenean sortzen da, kontzientziaren minbiziaren zelulak pizten diren horretan. Zelula horiek bata bestearen ondoan elkartzen dira, gero eta indar gehiago metatu eta ahalik eta tumorerik entzutetsuena sortze aldera. Entzutetsuena, bai, kontzientziaren baitan sortutako har horrek bozgorailua ahoan zabaltzen baitu haren mezua barrenalde barrenen horren sakontasun osoan.

Hots hura durundiz entzuten da, ordea, gorputz atal guztietan; zainek eramaten dute alarma gorria garunaren hemisferio bietara. Arrazionalaren eta irrazionalaren mugak gaindituta, desioak zuhurtziaren hesiaren gainetik jauzi egiten du. Aitortza jaio da, eta aitortu beharra dago.

Zer esan, bada, barrenak hustu dituenari? Nola erreakzionatu? Gomendioak ematea zilegi al da? Ala bere tokian jarri eta botatzen ari den horren guztiaren sintesia egitea da balizkoena? Galderak erantzutea baino interesgarriagoa da bakoitzak zerbait aitortzeke duen baieztatzea. Bakoitzak duena eta, era berean, alboan dagoen horrek aitortzarako zenbat denbora behar duen ikertzea.

Herri aitortza da azken egunetan gailendu dena; eskubideen aldeko aitortza gehienbat. Urrunegi joatea litzateke milaka lagunek egunero gonbitoka kaleak zipriztintzen dihardutela esatea, baina azpimarragarria da herritarren barrenaldeetatik botatakoak sortu dituen zipriztinek ingurukoengan utzi duten arrastoa. Haiek ere saltoka eta korrika, ihes betean jardun nahi dute, baina aitortzaren menpean bizi da gizabanako oro. Bakoitzak, edo norberaren «ordulari biologikoak», erabakiko du noiz egin hustualdia, baina lehenago edo beranduago iritsiko da, etorkizun berri baten aldeko birusa zabaldu baita gure lurraldean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo