GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hezkuntzaren erabilera makurra

Lakuako Hezkuntza Sailak abiatu duen Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako Plan delakoak aurkaritza handia bildu du, Hezkuntza sailburuak haren berri jakinarazi zuen unetik. Aurkakotasun hori arlo politikotik ez ezik, sozialetik ere sortu da, eta hezkuntza komunitatean haserrea eragin du, iturri ofizialek diotena gorabehera. Arduradun politikoek egindako plana da, hezkuntza komunitatearen iritzia kontuan izan gabe. Horrenbestez, atzo Sortzen Ikasbatuazek plan horretan parte ez hartzera deitu zuen, haren helburu politikoak salatuz, Lakuako eta Nafarroako Gobernuek abiatutako zenbait hezkuntza planen izaera politikoak irakasle, ikasle, langile eta guraso askorengan eragin duen ezinegona jaso ondoren. Izan ere, plan horien helburua ez da inondik inora pedagogikoa, ez dute zerikusirik inongo «bakerako hezkuntza» egitasmorekin, instituzio horietako arduradunen ikusmolde politikoarekin baizik. Nork bere irizpidea eratzeko tresna eman behar duen bidea izan beharrean, arduradun horien ikusmoldea sustatu eta are inposatzea bihurtu nahi dute hezkuntza; gainera, sufrimenduaren erabilera makurra eginez, sufritzen duten herritarren parte handi bat baztertuz, egia ezkutatzen saiatuz. Sortzen Ikasbatuazek atzo salatu zuen bezala, biktimak askotarikoak baitira, eta horietako asko ikasleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo