GARA > Idatzia > Kirolak> Atletismoa

68. Juan Muguerza Nazioarteko Krosa esquí alpino

Komon eta Chebet izango dira izar nagusiak Elgoibarren

Shaheen, 3.000 metro oztopoetako errekorraren jabea, Mintxetan izango da.

p038_f01-ona.jpg

Asier AIESTARAN

Goi mailako parte hartzaileak izango ditu aurten ere datorren igandean Elgoibarren ospatuko den 68. Juan Muguerza Nazioarteko Krosak. Gizonezkoetan, izen aipagarrienak Leonard Komon, iazko irabazlea, eta Saif Saaed Shaheen, 3.000 metro oztopoetan munduko errekorraren jabea, izango dira. Emakumezkoetan, berriz, Emily Chebet munduko txapelduna izango da faborito nagusia.

Leonard Komon kenyarrak bi aldiz irabazi du Elgoibarko proba (2008 eta 2010) eta ibilbidea horren ongi ezagutzea bere alde izango du. Italicako kros entzutetsua irabazi berritan dator Euskal Herrira eta, gainera, udazkenean munduko markarik onenak hobetu zituen Holandan, oso ohikoak ez diren distantziatan: Komonek 26.44 egin zuen Utrecht-ko 10 kilometroetan eta, 41.13, Nimegako 15 kilometroetan.

Ikusmin handia sortu duen beste korrikalaria Saif Saaed Shaheen ezaguna da, 3.000 metro oztopoetan espezialista. Kenyan jaio eta Stephen Cherono izenarekin lehiatzen hasi arren -gazte mailako munduko txapelduna izan zen 1999an-, Qatarreko herritartasuna hartu zuen 2003an eta, izenez aldatuta, bere ibilbideko lorpen handienak egin zituen: munduko txapeldun Parisen (2003) eta Helsinkin (2005) eta munduko errekorra (7.53.63) 2004an. 2006az geroztik, lesioek ez diote utzi nahi adina lehiatzen eta ikusi egin beharko da zer mailatan etortzen den.

Faboritoen zerrenda osatuko dute, besteren artean, Moses Kipsiro ugandarrak -munduko txapeldunorde 2009an eta hirugarren 2010ean-, Rui Pedro Silva eta Pedro Ribeiro portugaldarrek, Jake Robertson ozeaniarrak eta Miguel Angel Balzola eta Javier Carriqueo argentinarrek. Chema Martinezek, Javier Guerrak eta Ivan Fernandezek ere ez dute hutsik egingo Elgoibarko hitzordura.

Munduko txapelduna

Emakumezkoen lasterketan, berriz, Emily Chebet kenyarra aipatu behar da beste guztien gainetik. Chebet garaile irten zen iaz Poloniako Bydgoszcz hirian egindako Munduko Kros Txapelketan eta bera da proba irabazteko faborito ia bakarra. Norbaitek itzal egitekotan, Margaret Muriuki bere herrikidea izango da. Benita Willis australiarra, 2004ko munduko txapelduna, eta Dulce Felix portugaldarra, hirugarren Albufeirako Europako Txapelketan, lasterketari distira ematen saiatuko dira, Alessandra Aguilar eta Gema Barrachina korrikalari espainiarrak bezalaxe.

Emakumezkoen proba nagusia 12.30ean hasiko da eta, gizonezkoena, 13.00etan. Aurrez, Mamo Wolde saria jokatuko da gazteen mailan. Neskek 4,5 kilometroko ibilbidea izango dute eta, gizonezkoek, 6,6koa. Europa osoko hitzordurik garrantzitsuena da maila horretan eta, antolatzaileek jakinarazi zutenez, hainbat herrialdetako atleta gazteek hartuko dute parte.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo