Haurren danborradaren 50. urteurrena ospatuko dute Alderdi Ederren
Ohorezko karguak aurkeztu eta urteurrena ospatzeko ekitaldi berezia eginda, txikiekin batera helduen danborradako kideek joko dute «San Sebastian martxa» bihar Alderdi Ederren.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Haur danborradaren ohorezko karguak aurkeztu zituzten atzo, Gaska kiroldegian egindako ekitaldian. La Asunción ikastetxeko Haizea Marquez Tello izango da aurtengo Easo Ederra. Ikastetxe berekoak izango dira ohorezko damak ere, Ibone Azkue Oujo eta Silvia Jimenez Pinilla. Jenerala Mikel Salaberria Lopez izango da, eta haren laguntzailea Cristopher Blacio Bazurto. Beste zortzi dama eta sei zamaltzain ere La Asuncion-eko ikasleak izango dira.
Danbor nagusia El Carmelo ikastetxeko Jon Arrese Laborde ikaslea izango da. Aurkezpen ekitaldian danborrada guztietako ordezkariak izan ziren.
Haur danborradak 50. urteurrena bete du aurten, eta hori ospatzeko festa egin zuten joan den larunbatean Konstituzio plazan. Bide batez, Donostiako danborradan 75 urtez parte hartzen duen Inax Aizpuruari omenaldia egin zioten bertan.
Haur danborradaren urteurrenaren ospakizunari jarraipena emateko, bihar 12.00etan haur guztiak Alderdi Ederren biltzen direnean, helduen danborradako 32 ordezkari ere agertuko dira, eta denek batera joko dute «San Sebastian martxa».
Aurten bada berrikuntza esanguratsu bat, hain zuzen ere, Gaztelubide danborradak txikien talde bat osatu du bere kideen seme-alabak ere danborra jotzen atera daitezen. 8 eta 12 urte bitarteko 22 mutilek eta 22 neskek osatuko dute. Erabiliko dituzten jantziak sortzeko 1910. urteetako janzkerari erreparatu diote, eta oinetan alpargatak eramango dituzte.
Gero eta emakume gehiago
San Sebastian eguna, berez, gauerdian hasiko da, baina gaur arratsalderako danbor hotsak nonahi zabalduko dira Donostian. 14.30etik 20.30era haurren danborradak auzoetatik ibiliko dira jotzen. Guztira ia 5.000 haurrek parte hartuko dute.
Ondoren, helduen danborradak ere aterako dira bakoitza bere auzoan, guztira zazpi eremu osatuz. Afalostean berriro kalera aterako dira hogeita lau orduz etengabe jotzen jarduteko.
Altza-Intxaurrondon 13 danborrada ibiliko dira, Amaran 15, Antiguan 18, Erdialdean 20, Grosen 19, Loiola-Egia-Martutenen 8 eta Alde Zaharrean 18. Guztira 111 konpainia osatzen dituzte eta horietatik 98 mistoak izango dira. Aurten, zaharrenetariko batek, Euskal Billerak, berdintasunerantz pausoa emanez, lehen aldiz talde mistoa osatu du.
Urtero bezala, aurten ere danborrada berriak sortu dira. 2011ko helduen danborradan parte hartuko duten talde berriak honakoak dira: Donosti Cup (Amara), Santo Tomas Lizeoko Gaztekide danborrada (Antigua), Txirain kultur elkartea (Antigua) eta Aitor ikastolako ikasleen Latxaga guraso elkartea (Loiola-Egia-Martutene).
Horrez gain, iaz atera ez zen DYAren danborrada berriro desfilatuko du Amarako kaleetatik, baina Altza-Intxaurrondoko Bozkozaleak ez du talderik aterako.
Gau guztia gelditu gabe
Alde Zaharreko Gaztelubide izango da gaur gauean jotzen hasiko den lehenengoa, 23.10ean. Jarraian Groseko Umore Ona eta Txofreko Lagunak K.E. aterako dira, baita Alde Zaharreko Kainoieta ere.
Gauerdian denak Konstituzio plazan bilduko dira banderaren igoeran parte hartzeko. Bertan Gaztelubide danborradaren gidaritzapean Sarriegiren konposizioak jo eta gero auzoetan barrena banatuko dira konpainiak.
Lehenengo txandak goizeko hirurak edo laurak arte iraungo du. Ordu horretan ordura arte atsedena hartzen aritu diren taldeek hartuko dute lekukoa eta jotzen jarraituko dute, auzo guztietan gau osoan itzal ez dadin danborren harrabotsa. Hiru edo lau orduren buruan txandaz aldatzen jardungo dute biharko gauerdira arte. Unión Artesanak beste ordubete gehiago joko du bandera jaitsiera gidatzeaz arduratzen delako. Aurten, gainera, beren danbor nagusiari agur esango diote Artesanakoek.
Bestalde, Antiguako haurren danborrada eta Altza-Intxaurrondoko Intxaur Txiki elkartekoa bakoitza bere auzoko kaleetatik ibiliko dira arratsaldeko bostetatik zortzietara.