GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lau konpainia berrik hartuko dute parte Azpeitiko danborradan

San Sebastian bezperako danborradaren ordua aldatu behar izan dute konpainia guztiak plazara garaiz iritsi ahal izateko. Gainera, aurten talde berriek parte hartuko dutenez, parrokia aurrean jotzen dutenean Eliz Kalean eta Perez Arregi Plazan ere jarri beharko dira partaideak.

p022_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | AZPEITIA

Gipuzkoan danbor hotsak entzungo diren toki bakarra ez da Donostia izango, azpeitiarrek konpetentzia egingo baitiete gaur eta bihar, oso ondo antolatutako eta urtetik urtera handiagoa den jai herrikoi honetan.

Aurten lau talde gehiagok parte hartuko dute San Sebastian bezperako helduen danborradan, gastadoreen taldea gehituta guztira 26 talde izango dira. Talde berriak, Loiolabide-Zahar, Loiolatxo, Zulozabal eta Ollagorra izango dira.

Loiolabide-Zahar konpainiak iaz banderaren jaitsiera ekitaldian parte hartzeko aukera izan zuen eta esperientzia horrek lagundu egin die aukeratutako jantzia hobetzeko. Ilunegia zela iruditzen zitzaien, eta aurten hori koloreko osagarriak jartzea erabaki dute. Loiolatxo elkarteak 51 lagunez osatutako talde bat aterako du danborradan, erdiak danborra jotzen eta beste erdiak upela. Zulozabal elkartean 44 neska-mutil aterako dira, bi kantinera, banderadunaz eta zuzendariaz aparte. Ollagorra konpainiak aukeratu duen arropa, ehiza elkarte bat denez, Kanadako antzinako ehiztariena da.

Helduen danborradan lau talde gehiago izango direnez, ibilbidea eta hasiera ordua aldatu behar izan dute. Udalak eta taldeetako ordezkariek zenbait bilera egin ostean gaurko danborrada 23.15ean hastea erabaki dute.

Guztiek batera Plaza Nagusian jo eta gero, Soreasuko Sebastian Donearen parrokia aurreko plazara joango dira. Bertan ez dago talde guztientzako lekurik eta Eliz Kalean eta Perez Arregi plazan zehar banatuko dira taldeak.

50o haur inguru

Bihar San Sebastian eguneko danborrada izango da. Goizean Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeak herrian zehar ibiliko dira musika bandaz lagundurik. Horren ondotik, udal agintariekin batera parrokian sartuko dira eta «San Sebastian martxa» joko dute.

Azpeitiko zezen tradizioari eutsiz, parrokia barruan martxa jo eta gero, 12.30ean sokamuturra izango da plazan. Hori amaitutakoan haurren danborrada hasiko da. 500 ume inguruk hartu ohi dute parte asko entseatu eta gero, karrozaz lagundurik, kaleetan barrena ibili ohi dira makilak astintzen.

Lehenengo karroza 1958an atera zuten Azpeitian, eta ordutik 2000. urtera arte Inazio Agirrek eta bere familiak egin zuten. Urtero gai bat aukeratzen dute karroza egiteko, eta ahal bada herriarekin zerikusia duen zerbait aukeratzen dute. Aurten gaia «Julian Barrenetxearen heriotzaren 50. urteurrena eta Julian Barrenetxea Abesbatzaren sorreraren mende laurdena» izango da.

San Sebastian jaia ez da amaituko bihar gauerdian udaletxeko bandera jaisten duten arte. Jai amaieran jendearen partaidetza sustatzeko, ohi bezala lau danbor edo upel taldek jo beharrean aurten seik joko dute.

1997. urtetik

Orduan hasi ziren Gure Ametsa eta Ardozaleak danborradak eliza barruan jotzen, urte horretan euria egin zuenez, Kepa Susperregi erretoreak barrura sartzeko eskatu zielako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo