GARA > Idatzia > Kultura

Jesus Guridiren «El caserío» zarzuelan pilota jokoan jarriko ditu protagonistak Pablo Viarrek

Jesus Guridiren «El caserío» zarzuelaren ekoizpen berria estreinatuko du larunbatean Arriaga antzokiak. Pablo Viar eszena zuzendariaren debuta izango da eta sorpresak egongo direla iragarri du.

p042_f01_96x100.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

«Horizonteen konkista» gisa definitu zuen atzo Pablo Viar eszena zuzendariak «El caserío» zarzuelaren taularatze berria. Jesus Guridiren obra honekin debutatuko du bilbotar gazteak, bi urteurrenekin bat eginez: 85 urte bete dira obra hau estreinatu zela eta, 50, Guridi konposatzailea zendu zela. Arriaga antzokiak, Oviedoko Campoamor antzokiarekin batera ekoiztutako lana da, eta urtarrilaren 21, 23, 25, 26 eta 28an izango da Bilbon.

Arrigorri izeneko fikziozko Bizkaiko herrixka batean kokatua dago istorioa eta ekoizpen berri honetako aldaketa nagusia bigarren ekitaldian gertatzen da, izan ere, herriko plazan ez, frontoian eta pilota jokoan jarriko ditu protagonistak Viarrek. «Pilota partida off-ean egin beharrean, on-ean egingo dugu», azaldu zuen atzoko aurkezpen ekitaldian. «Bukaeran ere sorpresa bat izango da, beste horizonte bat harrapatuko dugu, baina nahiago dut ez aurreratu», gaineratu zuen.

Guridiren lana Madrilen estreinatu zen lehenengoz 1926an eta, «bertsio moderno honetan», Daniel Bianco izango da eszenografiaren egile eta Miquel Ortega musika zuzendari. «Handia izan zen Guridi, benetan handia. Zoritxarrez, hemen kulturak nola funtzionatzen duen ikusita, ezezagun bat da gehienentzat. Pena da, hezkuntzan ez zaigu irakasten honelakoak ezagutzen», esan zuen Ortegak.

Kantuan, berriz, Angel Odena baritonoa, Marta Ubieta sopranoa eta Mikeldi Atxalandabaso tenorea izango dira protagonistak, eta eurekin arituko dira kantuan Alberto Nuñez, Itxaro Mentxaka, Izaskun Kintana, Jon Ariño eta Antonio Ruperez ere. Ondoan izango dute, gainera, Gerardo Carbajok zuzendutako Rossini korua.

Abeslariez gain, dantzariak ere izango dira taula gainean. Aukeran dantza konpainiako bederatzi partaidek Edu Murumendiarazen koreografiak erakutsiko dituzte. Musika, berriz, Bilbao Philarmonia Orkestraren esku egongo da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo