GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Arazoak eta erasoak

Aldaketak datoz mundura... Bada, bai. Zelan ulertu, bestela, euskal erakunde armatuak BBC katea eta Euskadiko lehendakariak Al Jazeera katea baliatzea beren mezuak zabaltzeko? Hau mundu aldrebesa! Kate-erreakzio baten abiapuntua ote? Auskalo! Auskaloko Herria baita gurea batzuetan! Ikusteko dago balizko erreakzio-bide horretan ETB kateak egingo duen urratsa, norabide onekoa izateko hainbat buru-kate apurtu beharko ditu eta. Kezka agertu du lehendakari horrek Arabiar Emirerrietara oraintsu egindako bisita gidatuan. Nonbait, Euskal Herritik kanpo komunikakateak euskal arazoaz azken honetan zabaltzen ari diren irudia alegiazkoa iruditzen zaio berari; oker ez badut irakurri, behintzat, erakunde armatuaren gaineko irudiaz ari zen bera. Kezkatuago beharko luke agertu, ordea, motiboak motibo, kanpoko komunikakate horiek, batzuetan editorialetik bertatik, gure beheko Zuzenbide-Estatuaren gaurko arazoez, eta erasoez, esaten ari direnak jakinda. Alegiazko Zuzenbide-Estatua, beti ere. Gaur Udalbitza lekuko, atzo «Egunkaria» legez. Kate-erreakzio baten abiapuntua ote? Jainkoak berak baleki! Hain dira txirikordatuak sozialismo espainiarraren bidexkak!

Baina orain serio. Lakuako Gobernuak euskal kulturaren garapenerako duen aholkulari-kontseilu berriaren lehendabiziko urratsak ikusgai ari dira gertatzen han-hemenka. Tira, han gehiago hemen baino. Globalizazioa edo. Horra, dantzariak Qatarren aste honetan, orain hilabete gutxi Shangainen bezala. Gauzak ondo bidean litekeena da legegintzaldi honetan bertan halakoak ikustea non eta Trebiñoko emirerrian ere! Aldaketak datoz mundura ... «Cambio» horrek ekarrita! Ama, ama. Amen. Aholkulari-kontseiluak gogoan, eta Euskararena bereziki buruan, non sentsibilitate guztiak bildu omen behar diren... pentsatzen nago ni Ertzaintzarenera zergatik ez dituzten presoak bildu, politikoak barne, jakinda.

Energia berriztagarrien alde agertu da sutsu lehendakari hori han. Apologiatik gertuko sutsuan. Eta bitartean, gure beheko erresuman berriztagarriez ez baizik eta nuklearrez ari dira, berriz ere horren egarri. Hauxe nahasketa hango mahaian izan behar dutena! Zentralez aritzen direnean inork ez daki sindikalez edo nuklearrez ari diren. Kuban ez dute, horretan sikiera, zalantzarik: azukre-zentralak. Eta hemen ere ez, jelkideak dira zentralitatean. Eta telefono-zentralitan ere izan omen dira, Arabako paperen susmoak gogoan. Ama, ama. Amen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo