GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Unai Erroitzenea Gamio, Zerbitzu publikoetako delegatu eta Hernaniko zinegotzia

Atez ate: aurkako argudio faltan, gezurra soberan

Atez atekoa une honetan erabaki politikoengatik da garestiagoa (Lapatxeko tarifak, Sanmarkori egin beharreko ekarpena...), ez sistema bera garestiagoa delako

Atez ateko zabor bilketaren aurkakoak argudiorik gabe geratzen ari dira, atez ateko zabor bilketarekin emaitza ezin hobeak lortzen ari garelako eta herritarrak pozik daudelako (ikus bestela, birziklatutakoaren tasa, jasotakoaren kalitatea eta Aztikerren inkestaren emaitzak). Orain, 2011ko aurrekontuak aprobetxatuta, sistemaren aurkakoek, Hamaika Batek batez ere, gezurrak esateari ekin diote, argudiorik ez dagoenean hori izaten baita aukera bakarra.

Izan ere, ez da egia atez atekoa beste sistemak baino askoz garestiagoa denik, eta sistemak dituen onurak estali nahi dituzte.

Ez da egia 2009an zaborra jasotzearen kostua 1.090.000 euro izan zenik. Diru hori aurreikusia zegoen aurrekontuan, baina Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak hondakinak zabortegira botatzeagatik prezioa igo zuen 2009ko uztailean eta, ondorioz, Hernaniko Udalak 1.193.000 euro jorratu zituen. Hala, gaur egungo tarifekin lau edukiontzien sistema erabiliko balitz, 1.491.778 euro beharko lirateke. Atez ateko sisteman 1.713.000 euro behar dira, beraz, aldea ez da hain nabarmena.

Baina, areago, atez ateko sistemak legeak dioena betetzen du, eta lau edukiontzien sistemak ez, ez baitu organikoa era berezituan biltzen. Atez ateko sistemaren aurkako batzuk bosgarren edukiontziaren aldeko sutsuak omen dira, baina kalkulatu al dute zein kostu izango lukeen sistema horrek? FCC enpresak Udalari zaborra jasotzeagatik 472.000 euro kobratzen zizkiola kontuan hartuta, zenbat kobratuko luke bosgarren edukiontziko organikoa jasotzeagatik?

Horri guztiari, zabor bilketa tradizionalaren gastuak etengabe gora doazela gaineratu behar zaio. Izan ere, gaur egun zabor tona bat zabortegira botatzea 2009. urte hasieran baino %74 garestiagoa da (75 euro/tonako 2009. urte hasieran 133,89 euro/tonako gaur egun). Horri egin nahi duten errauste plantaren gastuak gehitzen badizkiogu, argi dago sistema tradizionala gero eta garestiagoa izango dela etorkizunean.

Bestetik, argi dago Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak organikoa jasotzea saritu beharrean zigortu egiten duela, eta datuak dira horrek erakusle. Hernaniko Udalak derrigor Lapatxera eraman behar du organikoa eta tona bakoitzeko 97,97 euro ordaindu behar ditu, aldiz, Itsasun 50 euro/tonako kobratzen dute, Gasteizen 64 euro/tonako... Birziklatzearen alde daudela diote, baina itxurakeria baino ez da, errealitateak besterik erakusten baitigu.

Atez atekoa egiten dugun herriok bestelako zigorra ere jasotzen dugu, izan ere, Sanmarko mankomunitateari egin beharreko ohiko diru ekarpena handitu egin da (2010. urtean 206.000 euro eta 2011. urtean 309.000 euro), jasotzen dugun zerbitzua hutsaren hurrengoa den arren.

Beraz, ondorioa garbi da: une honetan atez ateko sistema lau edukiontzien sistema baino apur bat garestiagoa da (inondik inora ez 800.000 euro garestiago), baina oso epe laburrean lau edukiontzien sistema (zer esanik ez bost edukiontziena) askoz ere garestiagoa izango da, zabor tona bakoitzeko prezioa gora baitoa eta horri errauste plantaren gastuak gehitu behar zaizkio. Gainera, atez atekoa une honetan erabaki politikoengatik da garestiagoa (Lapatxeko tarifak, Sanmarkori egin beharreko ekarpena...), ez sistema bera garestiagoa delako.

Horregatik, arduraz jokatzeko eskatu nahi dugu. Atez ateko sistemak esfortzua eskatu dio Hernaniko Udalari eta, batez ere, hernaniarrei, baina esfortzu horren etekina izugarria da, eta hernaniarren lorpenak ez dira makalak. Hernaniarrak aitzindari gara eta harro egoteko arrazoiak baditugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo