GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Joxemari Ostolaza (argia)

Zein bide

Motza pozarena. Realeko jokalarien herenak bat egin zuen presoen aldeko sostenguan. Herriaren parte direnez, presoen artean senideak eta lagunak dituztela pentsatzeko ez da Einstein izan behar. Poztu egin ninduen berriak, zerrenda horretan zeudenek baino ez zeudenek harritu nindutelarik, beste klubetakoek bereziki. Eta hainbatetan Realaren zuzendaritzak goratzen duen aldagelako giro elkarkoiaren oinarritzat jo nuen sinatzaileen lotsazko ausardia. Espainiako prentsak larrutuko zituela argi zegoen. Ez nuen zuzendaritzaren defentsarik espero, bainan Aperribayren erasoa, jokalariak publikoki kondenatzearena ere ez.

Eta presidenteak kontseilua ordezkatzen baldin badu, kontseilari guztiak berarekin ados baldin badira, arazo sakona du Realak gipuzkoarren kluba izateko. Urangak ekarri, eta Iribar eta Kortabarriak ikurrina atera zuteneko hartan, orduko zuzendaritzako bi ezagutzen ditut aurka zeudenak, gaur irudi harekin emozionatzen omen direnak. Baina orduan ez zuten aski indar izan hura kondenatzeko, nahiz eta beren ingurutan kirola eta politika ez zirela nahasi behar esan ahobizarrez. Denbora gutxi barru oraingoak ere lotsagabeki presoen etxeratzea palkutik ospatzen ikusiko ditudala espero dut. Gora Reala nik ere, aldagelako herena buru.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo