Jesus Mari Mendizabal (el diario vasco, 2011/1/18)
Polit...
Bat, tratua. Orain hainbeste urte ere ez dela, gu hiru euskara-irakasle, Arrasateko gau-eskolatik Oñatiko gau ibilira, autoan. Guardia zibilek kontrola: alto, salgan, abran eta abarra. Maletategian ariketa-fotokopia mordoa. Txapeloker batek orri-sorta bat hartu eta lehen lerroan leitzen dit: «Pelloren etxea polit... da». Deklinabidea lantzeko jarduera, jakina. Eta, susmorik txarrenez, kalabera motzeko guardiak: «Polit...!? ¿Qué diablos es esto de política?». Hots, zer da hemen politikaz? Boza ikaratan, neuk eman behar izan nion `eskola' izan zen polit... ena.
Bi, datua. Gaur zortzi eman zen notizia komunikabideetan: Jokin Aperribaik, Realeko presidente buruz biziro erneak, ez du begi onez ikusi zortzi jokalari txuri-urdinek atxikimendua eman izana presoen alde Bilbon (joan den zapatuan zortzi) egin zen manifestazio jendetsuari. Eta amaitu zuen: «Ezin gara politika-gaietan sartu». Herriaren gehiengoak eta indarrean den legeak egiten omen dute demokrazia. Euskalduna erruz zen han, legez joana. Baina hortxe dago koxka: euskalduna, asko, polit...
Hiru, patua. Pirinioetako mendebalde hurbileko ibai baten ertzean, agure bizar urdin bat eseri zen behin zurezko jarleku batean. Laster jarri zitzaion ondoan beste aitona zahar bat. (...) Minutu batzuen buruan, lehenengo gizonak: «Hmmm...», egin zuen hasperen. Bigarrenak ere, handik pixka batera: «Hmmm...». Orduan, lehendabizikoak: «Ixo! Mesedez, ezta hitzik ere niri polit... ikaz». «Ondo da, ondo da -bigarrenak-. Zu ere euskalduna zara, hortaz...?».