Euskal Herriak Bere Eskola kolektiboak batzar irekia antolatu du otsailerako
Batzarraren helburua egungo hezkuntza egoeraren aurrean elkarlana sustatzea da, baita euskalduntzearen, Euskal Curriculumaren edota parekidetasunaren inguruko urrats praktikoak azaltzea ere.
GARA |
Euskal Herriak Bere Eskola kolektiboak datorren otsailerako batzar irekia antolatu duela jakinarazi zuen atzo. Bertan, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Hik Hasik eta Bilgune Feministak parte hartuko dute, besteak beste.
EHBEko kide Ainhoa Larrabek taldearen izenean esan zuen pasa den ikasturtetik hausnarketa sakona egiten aritu direla hezkuntza mugimenduko kideak. Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko indarrak biltzea oinarri izanik, egin dituzten bileretan elkarlana sustatzeko beharrizana agerian geratu dela azaldu zuen.
Elkarlanean hezkuntza mugimendua aktibatzeko otsailaren 5ean batzar irekia egingo dute Bilboko La Bolsa aretoan. Bertan euskalduntzearen, Euskal Curriculumaren edota parekidetasunaren alde eman daitezkeen urrats praktikoak aurkeztuko dituzte. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak euskalduntzearen arloan izan diren esperientzien berri emango du, Hik Hasik hainbat herritan egin diren curriculum proiektuak azalduko ditu eta Bilgune Feministak Hezkidetza Gida aurkeztuko du.
EHBEk hezkuntza egoerarekin kezkatutako ikasle, guraso, irakasle eta herritarrak gonbidatu zituen “Hezkuntza bildu eta bultza” izeneko batzarrean parte hartzera.
Batzar hau egitea erabaki dute konturatu direlako egungo hezkuntzaren egoerak kezkatzeko arrazoiak ematen dituela. «Atzerapauso nabariak gauzatzen ari dira lurraldez lurralde, esaterako, ikasleek duten euskalduntzeko eskubidearen urraketa, hizkuntza ereduen politika porrota izan arren A eta G ereduaren aldeko apustua egitea eta euskara zokoratzen duten TIL eta ‘Trilinguismoa’ abian jartzea, gure herria irudikatzen ez duten mapen erabilera eta ikasle akritikoak bultzatzen dituzten hezkuntza ereduen sustapena», azaldu zuen Larrabek.
Hezkuntza, herri proiektu
Hezkuntza, herri proiektu
Hezkuntza herri proiektutzat du EHBEk, hezkuntzak herri baten biziraupenari nahiz garapenari egiten dion ekarpenagatik eta herriak hezkuntzari ematen dion osotasunagatik. Horregatik, hezkuntza sistema euskaldun eta herritar baten aldeko dinamikak aurrera eramatearen garrantzia azpimarratu nahi du kolektiboak.