GARA > Idatzia > Kirolak> Baskonia

Valladolid-eko ala Malagako bidea hartuta iritsi ote dira Alacantera?

ALACANT-BASKONIA

A. G. I

Denboraldiak luze jo ohi du beti eta aurrera edo atzera egiteko bide ugaritatik pasa behar dira. Batzuk zuzenak eta bizkorrak, beste zenbait bihurgunez josiak, hankazuloz mukuru daudenak, estuak eta ilunak. Batetik eta bestetik probatu gabekorik ez dago, noski, batez ere Caja Laboral Baskoniari buruz ari garelarik.

Ikusi egin behar gaur eguerdian Alacanteren aurkako demara zein bide hartuta iritsi diren Dusko Ivanovicen mutilak. Agian joan den ostegunean Malagan hartu zuten bide zuzena -aldapatsua, hori bai- jarraituko zuten arabarrek, eta hala jokatuko dute, oro har betidanik emaitza onak eskuratu dituzten kantxa batean. Izan ere, behin bakarrik galdu dute gasteiztarrek Teknifikazio Zentroan: 2002/03 denboraldian, 70-65, hain zuzen.

Horrez gain, Txus Vidorretaren taldeari irabazteko beste abantailatxo bat izango dute baskonistek. Serkan Erdogan, Baskoniako jokalari ohiak asteon Alacanteko taldea utzi du Turkiara itzultzeko -Allen Iverson-ek min hartu ondoren, Besiktas taldeak izar amerikarraren lekua betetzeko fitxatu du Erdogan-.

Alabaina, baliteke Valladolideko bidetik iritsi izana gasteiztarrak Mediterraneo itsasora. Joan den domekan bere aurkariak baino kemen eskasagoa erakutsi zuten Ivanovicenek, eta merezita galdu zuten. Egia da, bestalde, Unicajaren aurkako Euroliga partidan gorabehera asko izan zituela talde baskonistak, behar baino askoz baloi gehiago galdu zituzten-eta.

Alacantekoak, gorantz begira

Nolanahi ere, kontuz ibili beharko dute euskaldunek Teknifikazio Zentroan. Txus Vidorreta Alacantera iritsiz geroztik, taldeak nabarmen hobetu du bere maila, eta aste luzetan azken postuan egon ostean, jaitsiera postuetatik kanpo geratu ziren pasa den igandean, Granadari egurra emanda, 86-49.

Erdoganek hanka egin badio ere, Vidorretaren taldeak badu zerekin eman buruko mina Baskoniari. Llompart antolatzailea, Stojic hegalekoa eta Doellman eta Andriuskevicus pibotak dira Indautxukoaren jokoaren giltzarriak. Halaber, Heurtel eta Hasbrouck ere kontuan izan beharko dituzte arabarrek, oso jokalari arriskutsuak baitira saskiratze bolada ona harrapatuz gero.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo