Biarritzek bost puntuak batu eta aurrerako bidea egin du
Zuri-gorriek norgehiagoka ona egin zuten, batez ere lehen orenean, eta horri esker lau entsegu gauzatu ahal izan zituzten. Etxean ala kanpoan arituko den eta aurkaria zein izango duen gaur jakingo du.
Jon LEUNDA I
Biarritzek helburua bete zuen atzo, garaipena puntu gehigarriarekin lortuz, eta multzoko lehenengo postuan sailkatuko da final-laurdenetarako. Gaur jakingo du talde zuri-gorriak partida hori etxean jokatuko duen ala ez. Perpinya eta Leicester dira aurkari horiek, baina biak multzo berean daude. Horiei garaipenak bakarrik ez die balio, puntu gehigarria ere behar dute, eta orduan Biarritz harrapatuko lukete. Etxean edo kanpoan, badirudi bi talde horietako bat izango dela final-laurdenetako aurkaria, baina zehaztasun horiek gaur argituko dira.
Partida hasi aitzin garbi zegoen atzo Biarritzi garaipenak bakarrik ez ziola balioko, erasoko bonusa ere beharko zuela, eta horrelaxe izan zen. Ulsterrek sekulako astindua eman zion Aironiri, erasoko puntu gehigarria lortuz. Zuri-gorriek ez zuten hutsik egin, eta beharrezko bost puntuak lortu zituzten.
Zuri-gorriek partida ona egin zuten. Hasieratik zekiten garaipena behar zutela, baina ez edozein modutan: entseguak behar zituzten erasoko puntuak lortzeko. Eta horren bila abiatu ziren hasiera-hasieratik.
Helburua beteta
Bigarren zatiaren erdirako lau entseguak lortuak zituzten, eta markagailuan zulo dezentea egina. Orduan dena eginda zegoelakoan edo, erritmoa apaldu egin zuten.
Lasaitasun horrek ia-ia arazo handi bat sortu zien amaieran, izan ere, azkeneko bi minutuetan bi entsegu lortu zituzten kanpotarrek, eta markagailua asko estutu zuten. Horrek nora ezean utzi zituen jokalari euskaldunak, eta bukaeran denbora eskatuz amaitu zuten zaleek eta jokalariek, luzapeneko minutu apur horietan kanpotarrak gertu izan baitzuten beste entsegu bat ere. Amaieran, ordea, dena nahi bezala atera zen.
Garaipenak bakarrik balio zion atzo Avironi, horrek emango baitzion final-laurdenetan izateko txartela, baina zuri-urdinek 37-17 galdu zuten Harlequinsen zelaian. Joan aurretik ere bazekiten neurketa zaila zutela, multzoko lehen sailkatuaren eta faboritoaren zelaian jokatzen baitzuten, baina lehen itzulian irabazi egin zuten eta atzo ere bazuten itxaropenik. Azkenean dena zapuztu zen, ordea.
Lapurtarrek lehen zati oso ona egin zuten, atseden hartzera 13-14 aurretik zirela iritsi baitziren, baina bigarren zatian dena aldatu zen. Euskaldunek hiru puntu besterik ez zituzten lortu, eta etxekoek erabateko astindua eman zieten.
Garcia izan zen Avironen puntu-egile nagusia, lau zigor-kolpe gauzatu ostean. Filipok egin zuen euskaldunen entsegu bakarra. Harlequinsek, berriz, bost entsegu egin zituen, eta horietako lau bigarren zatian lortu zituen.
Atzoko porrotaren ostean, Aviron multzoko hirugarren postuan sailkatu da, eta lehiaketatik at geratuko da, beraz. Pasa den astean galdu izanak utzi zuen ia aukerarik gabe. J.L.