GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

«Omerta» hausteko prest dauden abokatuak

Larunbatean ezohiko gertakari bat izan zen Auzitegi Nazional espainolean. Asteartean atxilotutako gazteek epailearen aurrean deklaratu zutenean, ofizioko abokatu batek bere defendituek jasandako tratu txarrak salatu zituen. Ez da ohikoa ofizioko abokatuek horrela jokatzea, baina gero eta gehiagok betetzen dute beren lana behar bezala: atxilotuaren eskubideak defendatuz, eskubide horiek urratzen dituztela ikusten dutenean, epaileari hala jakinaraziz, alegia.

Tortura susmoa baino gehiago da Euskal Herrian aspaldi luzean. Ez da harritzekoa haren zantzu eta testigantza ugariak ikusi eta entzuten ohituta dagoen gizarte batean. Gainera, tortura susmorik ere ez izateko bitartekoak abian jartzen errazak dira, hala eskatu izan dute giza eskubideen aldeko nazioarteko hainbat erakundek, eta azken bi urteotan gero eta ofizioko abokatu gehiagok ikusi dutena jakinarazi dute. Hala ere, epaileek horri guztiari eta maiz eurek ikusten dituzten zantzuei ere muzin egin eta atxilotuek poliziei deklaratutakoa baino ez dute ontzat hartzen. Horixe izango da, askotan, auzipetuak zigortzeko froga nagusia epaiketan. Nolanahi ere, ez da berri txarra atxilotuak nahi duen abokatuaren laguntza izateko eskubidearen ordezko gisa erabiltzen dituzten horietako zenbait torturaren kateak ezinbestekoa duen omerta pitzatzen hasi izana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo