Urtzi Ostolazaga eta Miriam Diaz de Tuesta AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak
Gizarte zerbitzuak murriztu eta AHTren xahuketa aurrera
Aurrekontuak sozialak izan daitezen, zera eskatzen dugu: ez dezatela AHT egin eta diru hori zerbitzu publikoak eta babes sistema garatzeko balia dezatela
Herri honetako langileok ez dugu AHT behar! Proiektu honek ez du balio sozialik batere izango, ez dago langileon eskubide eta interesak asebetetzeko pentsatua, gure herriari atzera bueltarik gabeko kalte ekologikoa eragingo dio, gastu publikoan karga handia ekarriko du.
Proiektu hori egiteko arrazoi bakarra eraikitze lanetan aritzen diren enpresari eta finantza entitateen interesak elikatzea da.
Azken hilabete eta urte hauetan botere publikoak gastu publikoa murriztu behar dela iragarriz azaltzen zaizkigu egun batean bai eta hurrengoan ere bai, prestazio zein zerbitzu publikoak murriztu behar direla esanez, eta hala, horrelakoak esatetik egitera ere pasatzen dira: euskal instituzioetako aurrekontuetan hezkuntza, osasun zerbitzuak, adineko eta menpekotasunak dituzten pertsonentzako zerbitzuak, euskaltegiak eta abarretarako errekurtsoak gutxitu egiten dira, AES (Gizarte larrialdietarako laguntzak) edo RGI (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) delakoetarako gastua ere gutxitu egiten da, baita gainerako prestazioak ere.
AHT eraiki ahal izateko, aldiz, partidak igo egiten dira: Nafarroako Gobernuak 2011n 43 milioi euro xahutuko ditu azpiegitura antisozial honetan (iaz ez zen egon horretarako diru partidarik, eta azpimarratzekoa da aurtengo aurrekontuetan Hezkuntza Zerbitzuetan egiten den inbertsio murrizketa 43 milioi eurokoa dela), eta Eusko Jaurlaritzak 298 milioi euro (iaz 135 milioi euro, hau da, %120ko igoera).
Honekin guztiarekin ondorio garbia atera dezakegu, aurrekontu publikoetan langileok kaltetuak gara gutxiago irabazi arren, kapital errentek baino gehiago aitortzen dugulako diru sarreren atalean, baina gastuari erreparatuta ere, garbi dago gure eskubideak (babes soziala eta zerbitzu publikoak) kaltetuak diren artean, AHT bezalako proiektu antisozialetarako, aldiz, gastu publikoa handitu egiten dela.
Beraz, aurrekontuak sozialak izan daitezen, zera eskatzen dugu: ez dezatela AHT egin eta diru hori zerbitzu publikoak eta babes sistema garatzeko balia dezatela.
Hau egingo balitz, zerbitzu publikoen aurka hartutako neurriak ez lirateke aplikatuko eta, beraz, ez legoke ez despidorik (gogoan izan 300 lanpostu desagerrarazteaz ari direla, eta ordezkapenak ez egiteaz) ez osasun zentroen itxiera bezalako zerbitzuen murrizketarik, ezta soldata jaitsierarik ere.
Baina, are garrantzitsuagoa dena, aurrekontu publikoa kapitalaren interesetarako baino langileen beharrizanak asebetetzeko erabiltzeko borondate politikoa balego, herri honek premiazkoa duen zerbitzu publikoen garapena eta gastu sozialaren handitzearen aldeko apustuari ekin ahal izango genioke. Hala, diru horrekin Europako herrialde garatuek edo behintzat batez beste Europako herriek beharrizan sozialak artatzeko bideratzen duten gastu sozialarekin parekatzeko bidea jorratu ahal izango genuke.
AHTren obretan xahutzen den dirua bestelako helburuak lortzeko erabil daiteke, hala nola hezkuntzako 0-3 zikloa eskubide unibertsal bezala eskaintzeko sare publiko oso bat garatzeko, hirugarren adineko menpekotasun egoerei aurre egiteko zerbitzuak unibertsalizatzeko, osasungintza zerbitzu publikoa garatzeko, zerbitzu publikoen euskalduntzeari berme eta baliabide nahikoz heltzeko, etxebizitza sozialak eraikitzeko, jende guztiari gutxieneko diru sarrerak bermatzeko... eta noski, suntsitu ordez enplegu publikoa eta kalitatezkoa sortzeko bidea jorratu ahal izango genuke.
Ez da kasualitatea Zapatero, Patxi Lopez, Miguel Sanz eta Urkullu bat etorri izana aurreztu behar dela baina AHTn salbu; doitze planak bai, baina AHT kuestionatu ez. Azken batean, horiek guztiek, izan alderdi batekoak ala beste batekoak, denek defendatzen dute nagusi bera, kapitala eta bere interesak. Murrizketa planak langileoi gehiago lapurtzeko eta gure eskubideak gehiago murrizteko, baina kapitalaren interesetarako murrizketarik ez!