GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gesalagak jarraipena egiteko gailu bat aurkitu zuen autoan eta salaketa jarri du Baionan

Iraitz Gesalagak, atxilotua izan aurretik, jarraipena egiteko gailu bat aurkitu zuen bere autoan. Legez kontrakoa izan daitekeelakoan, salaketa jarri du. Gaur aztertuko da Pauen bere kontrako euroagindu-eskaera.

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Urtarrilaren 11n Ziburun atxilotua izan baino egun batzuk lehenago, bere autoari ohiko azterketa bat egiterakoan, jarraipena egiteko gailu bat aurkitu zuen Iraitz Gesalagak.

Ibilgailuaren azpian zuen jarraipenerako dispositiboa «legez kontra» kokatua izan zitekeelakoan, bere abokatu Maritxu Paulus-Basurkok salaketa tartekatu zuen, joan den ostegunean, Baionako auzitegian. Hori jakinarazi zuen atzo, Askatasuneko kide eta Gesalagaren gurasoez eta lagun mordoaz inguraturik eskaini zuen prentsaurrekoan.

«Orain fiskalak aztertu beharko du epaile baten aginduz eta legeak ezartzen dituen baldintzetan jazarria izan zen ala ez», gaineratu zuen abokatuak.

«Propaganda muntaia»

Edozein modutan ere, zarauztarrari «zenbait komunikabide espainoletan leporatu dioten guztiak muntaia propagandistikoaren» usaina duela adierazi zuen Askatasunak. «Ez da egia Poliziak bilatzen zuela, ondotxo baitzekiten non bizi zen. Gainera gailua aurkitu eta kendu ostean, bizitza erabat normala egiten segitu zuen eta hori ez da jokaera oso logikoa leporatzen diotena egia balitz», nabarmendu zuen Muriel Lucantisek.

Azken egunetan izandako beste atxiloketak aipatuta, bi estatuek «berriro ere errepresioarekin» erantzun dutela esan zuen, «une politiko honetan are eta larriagoa» dela gaineratuz.

Gesalagaren kontrako euroagindu eskaera gaur aztertuko dute Pauen, baita Baionan duela astebete atxilotutako Igor Uriarte eta Aiala Zaldibarrena ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo