GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

HARRI JASOTZEA Markak

Izeta II.ak eta Izeta IV.ak marka handia ezarri dute 125 kiloko harri kubikoarekin

Jon LEUNDA

Izeta II.ak eta Izeta IV.ak, aitak eta semeak, marka handia ezarri zuten herenegun eguerdian Zarautzen, Urteta auzoan, 125 kiloko harri kubikoari 100 jasoaldi eman baitzizkioten 11 minutu eta 51 segundoan.

Aita-semeak bikain aritu ziren hasieratik bukaerara. 13 minuturen inguruan zuten lanak amaitzeko asmoa, edo hori uste zuten, baina beren helburuak bapo ondu zituzten, eta hasieran uste baino marka hobea egin zuten.

Txanda librean halako markarik egin gabe daude, eta azkeneko urte hauetan izetatarrak handiak ari dira ezartzen. Izeta II.a sasoi bikainean dago, oraindik dauden harri-jasotzailerik onenetakoa izaten jarraitzen du, eta bere semea behetik gora indarrean dator.

Herri-kirolak indarra hartzen

Lapurdin harri-jasotzea ere indarra hartzen ari da, gainerako herri-kirol moldeak bezalaxe. Harri-jasotzen ere ari dira apurka-apurka gazteak agertzen, eta horietako batek, Xabier Ostizek, marka pertsonala ezarri zuen larunbat arratsaldean Hendaian, Beltzenia pilotalekuan egin zen herri kirol jaialdian.

Urruñar gazte honen asmoa 200 kiloko harri koadroa bizkarrean berdintzea zen, eta helburua oso ongi bete zuen, bertaratu ziren zaleen txalo artean. Lapurdi, azkeneko Euskal Herriko Zazpi Herrialdetako Txapelketako ezusteetako bat izan zen, eta Ostizek garbi erakutsi zuen herrialde horretan lana gogotik ari direla egiten, eta ari direla gero eta kirolari hobeak ateratzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo