Hizkuntza biziberritzea eta «Euskara 21» garatzea, Aholku Batzordearen jomuga
Lakuako Gobernuaren hizkuntza politikaren aholkulari izatea xede duen Euskararen Aholku Batzorde berrituak lehenengo bilera egin zuen atzo Leioan. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia gaurkotzea eta «Euskara 21» gogoeta garatzea dira batzordearen bi egiteko nagusiak. Blanca Urgellek argi utzi zuen ez dutela hizkuntza «inposiziorik» onartuko.
Ane ARRUTI | LEIOA
«Euskaraz dakitenek euskara gehiago erabiltzea lortu behar dugu eta, ahal den neurrian, erabiltzaileen kopurua euskaldunen kopurura hurbiltzea», esan zuen atzo Blanca Urgell Kultura sailburuak, Leioan egindako Euskararen Aholku Batzordearen bileran. Berak eta Patxi Lopez lehendakariak hartu zuten hitza, hizkuntza politikarako aholkulari izango dituztenei Lakuako Gobernuak dituen egitasmoak azaltzeko, eta Urgellek argi utzi zuen «inposiziorik» ez dutela onartuko: «Euskara neurri positiboen bidez bultzatzea eta inposizio mota guztiak baztertzea» dute helburu. «Horregatik okerbidea iruditzen zaigu hizkuntza bata edo bestea ez erabiltzeagatik inolako zigorrak ezartzea», esan zuen.
Lehenengo aldiz atzo bildu zen batzorde eraberritua 59 kidek osatzen dute; horietatik berrogei pertsona independenteak dira, 21 aurretik zeudenak eta 16 berriak. Tartean dira, besteak beste, Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohia; Andres Urrutia, euskaltzainburua; Jon Bollar, UEMAko lehendakaria; Aizpea Goenaga, Etxepare Institutuko zuzendaria; Koldo Martinez, Nafarroako Euskara Kultur Elkargoaren lehendakaria; edo, Mertxe Mujika, AEK-ko koordinatzaile nagusia.
Bertan izan zen Jon Juaristi idazlea ere. «ABC» egunkariko zutabegile den bilbotarrak orain arte euskararekiko izan duen jarrera ezkorra ikusita, bere izendapenak hautsak harrotu ditu azken egunetan, eta Urgellek «herri honetako sentsibilitate guztiak» ordezkatuta egoteko beharrarekin justifikatu zuen Juaristiri luzatutako gonbita. Atzoko bilera ateak itxita burutu zen eta ez zuten adierazpenik egin nahi izan gai honen inguruan.
EGA tituluaren inguruan sortutako eztabaida ere aipatu zuen, zeharka, Urgellek. «Herritar eta erakundeekiko konfiantza izan behar dugu», esan zuen. «Adibidez, pertsona bati, euskarazko eskolan edo unibertsitatean hamabost edo hogei urte eman baditu, euskaraz dakiela aitortu behar zaio, frogatu beharrik gabe. Kontrakoa oso larria izango litzateke, esan nahiko bailuke hezkuntza sistemak huts egin duela goitik behera».
Lopezek, bestalde, «bortizkeriarekin» lotu zuen euskalgintzaren bidea. «Itxaropenez betetako garaia da gurea. Bortizkeriaren bukaera amets egitera ausartzen gara. Espero dugu laster minbizi hau iraganeko kontua izatea. Horrek bide berriak urratu eta gauzak asko erraztuko dizkio euskalgintzari. Euskarak bat egingo du behin betikoz askatasunarekin». Adierazpen hauek gogor salatu zituen Aralar alderdiak prentsa ohar bidez. Honelako «adierazpen merkeekin lehendakariak agerian utzi du euskal hizkuntzarekiko duen ezjakintasun historikoa, baita euren egunerokoan, eta normaltasun osoz, euskara erabiltzen duten herritarrekiko erabateko errespetu falta».
«Euskara 21» eta Baiona
Bileraren ondoren publiko egindako ohar batean azaldu zutenez, hartutako erabakien artean «Euskara 21»-eko batzorde-ataletako kideak berehala izendatzea da. «Izan ere, `Euskara 21' planeko batzorde-atalei Terminologiako eta Toponimiako batzorde-atalak gehituko zaizkie, eta horiez gain, `IKT eta Euskara' izeneko batzorde-atala ere abian jarriko da».
Lourdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak legegintzaldia hasi zenetik martxan jarri dituzten egitasmoak zerrendatu zituen, horien artean, Etxepare Euskal Institutua abiaraztea edo datorren astelehenean Baionan Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoarekin sinatuko duten lau urterako esparru-hitzarmena. Lopezek adierazi zuenez, «guretzat, oso garrantzitsua da euskararen lurralde guztien arteko elkarlana. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoarekin lortu duguna beste lurralde batzuetara zabaldu nahi genuke. Aspaldiko beldur eta gaizki-ulertzeak baztertu behar ditugu behingoz».
Krisi garaia izanagatik, Urgellen arabera Lakua «alimaleko ahalegina egiten ari da euskararentzako diru-laguntzei eusteko, pentsatzen dugulako kulturak, euskarazko kultura barne, berebiziko garrantzia duela gizarte baten bilakabidean eta ez dela inondik ere bigarren mailako kontu bat. Gure asmoa ildo horri lotzea da eta, beraz, hitz ematen dizuet euskara ez dela inoiz krisiak sortutako zorren kitatzaile izango».
2011rako egitasmoen artean, 5. inkesta soziolinguistikoaren prestakuntza azpimarratu zuen Auzmendik. Horrez gain, beste bi proiektu ere abiatuko dituzte: euskarazko entziklopedia digitala eta itzulpen automatikoaren sistema bat. «Lehengoari dagokionez, gure asmoa paperezko entziklopedia tradizionalak eta wikiak konbinatzea da. Bigarrenari dagokionez berriz, corpus elebidun handi bat osatu nahi da, itzulpen automatikoaren sistemaren oinarria izango dena».
«Euskara ez da jadanik baserriko hizkuntza. Kaleko hizkuntza bakarrik ere ez da. Hizkuntza globalizatu bat da, interneten eta teknologia berrietan gero eta gehiago erabili behar dena», esan zuen Patxi Lopez lehendakariak.