GARA > Idatzia > Kultura

Eresbilek 200.000 dokumentuko artxiboa osatu du jada iazko urtean jasotako dohaintzei esker

200.000 dokumentu horien artean partiturak, liburuak, argazkiak, kartelak edota programazioak topa daitezke. Gainera, Interneteko presentzia ere indartzea lortu zuten iaz erabiltzaile gehiago erakarriz.

p042_f01_096x072.jpg

M. L. | DONOSTIA

Eresbil musikaren euskal artxiboak 200.000 dokumentu baino gehiago ditu jadanik. 2010ean 2.893 dokumentu berri gehitu zitzaizkion orain arteko bildumari. Horietatik 568 euskal konpositoreen partiturak dira, guztira 74.441 direlarik gaur egun. Horien artean, Eresbileko zuzendari den Jon Bagüesek atzo azaldu zuenez, aipamen berezia merezi dute Vierneren obra osoak, Errenazimenduko musikaz osatuak, eta «Nafarroako Erregearen Poesiak» obraren Parisko edizio bereziak.

Partiturez gain, ikus-entzunezko dokumentuak ere biltzen ditu artxiboak, guztira 93.997 funts, baita paperezko nahiz euskarri digitaleko 16.810 agiri ere (liburuak, aldizkariak eta mikroformak) eta beste zenbait motatako 15.669 dokumentu (gutunak, argazkiak, programazioak edota kartelak).

Gainera, artxiboaren erabiltzaileak ehuneko hamaika gehitu direla ere adierazi zuen Bagüesek. Hala, 50 herrialdetako 40.000 erabiltzaile berri baino gehiago izan zituen iaz artxiboaren webguneak. Eta, teknologia berriekin jarraituz, urriaz geroztik Facebook-en kontua du, eta 272 lagun ditu.

2010ean Juan Zelaia Letamendia bekaren laugarren edizioa egin zuten, eta laster iragarriko dute Eresbilen webgunean (www.eresbil.com) zein lan suertatu den irabazle. Gainera, bekari buruzko webgune berezi bat prestatzekotan daudela ere aurreratu zuen Bagüesek, edizio guztietako ikerketa lanak bertan biltzeko asmoz.

Urte berriari ekin

Aurtengo programazioari dagokionez, Juan Zelaia Letamendia bekaren bosgarren edizioa otsailean edota martxoan jarriko dute abian eta Musikaste, euskal musikagileen lanak ezagutzera emateko Errenterian egiten den musika astea, maiatzaren 14tik 21era izango da aurten, eta gogora ekarriko dituzte Fr. Jose de Vaquedano, Santiagoko (Galizia) kaperako maisu izan zena, eta Juan Andres de Lombide musikari ilustratua, besteak beste. Era berean, Jesus Arambarriren ganberako lan ezezagunak eta musikagile garaikide ugariren obrak izango dira entzungai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo