GARA > Idatzia > Kultura

«Donostiako Udalaren Kantutegia»-ren lehen hiru aleak kalean dira

GARA | DONOSTIA

«Donostiako Udalaren Kantutegia» Musika eta Dantza Eskola lantzen ari den euskal kanten bilduma da. Haren asmoa da ikasle, irakasle eta herritar guztien esku jartzea herri musika moldatua, askatasun osoz jo, kopiatu, banatu, moldatu eta birlandu ahal izateko. Gainera, kanta guztiak oso ezagunak dira, eta karaoke aukeraz ere hornitu dute, musikariak melodia jo ahal izateko kanta akonpainamendua duela.

Horretarako, Creative Commons lizentziaren bidez jarriko dute lana herritarren esku. Lizentzia horren bidez, kopiak egin ahal izango dira, musika digitalizatua deskargatu eta kantak zatika edo osorik erabiltzeko aukera emango da. Erabiltzeko bete beharreko baldintza bakarra da materiala ez salerostea eta ondoriozko lanak lizentzia berberaz banatzea.

Bildumak gai bakoitzaren bi bertsio dakartza. Bata bakarkakoa, hasiberrientzat egokitua, hiru partitura giltzen artean hautatzeko aukera ematen duena eta lau tonalitateko akonpainamenduarekin moldatua. Halaber, taldeko bertsioa ere eskaintzen da taldean jo nahi duten horientzat, eta hamaika aukera zabaltzen dira nahiago den instrumentua hautatzeko: biolina, flauta, tronboia, klarinetea, tronpeta, saxoa eta txistua eta tronpa, besteak beste.

Lan honetan moldatzaile ugarik hartu dute parte. Natalia Bellido pianistak, Andoni Etxebeste bateriak, Koldo Soret baxu eta teknikariak, Amaia Gargallo abeslariak, Ines Irazu eta Eugenio Rubio kopistek, beste askoren artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo