Nazioarteko moneta sistema eta lehengaien merkatuak arautzea proposatu du Sarkozyk
GARA | PARIS
Nicolas Sarkozy frantses presidentea nazioarteko moneta sistema aldatzearen alde agertu zen atzo, G20ko lehendakaritzan izango dituen lehentasunak azaldu zituenean. Hala, dolarra erreferentzia moneta bakarra ez izatea lortu nahi du. Estatu frantsesa G20 eta G8 taldeen burua izango da aurten.
Aurreko bileretan, krisiaren hasieran, «kapitalismoa aldatu» behar zela esan bazuen ere, oraingoan Sarkozyk asmo handiegiak aldarrikatu ditu.
Bere esanetan, asmoa ez da dolarrari erasotzea, nazioarteko merkataritza trukeak beste monetei zabaltzea baizik. Gaur egun, nazioarteko merkataritza harremanetan dolarra da erreferentzia nagusia.
Araurik gabeko sistema
Presidente frantsesak azaldu zuenez, gaur egun ez dago benetako nazioarteko moneta sistemarik, «araurik gabeko sistema» delako, eta «desorekak eta krisi ekonomikoak agerian utzi dituen arriskuak» sortzen dituelako. Horregatik, G20ko estatuek arau berriak ezarri behar dituztela esan zuen. Bere iritziz, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) arau berri horiek kudeatu behar ditu.
Sarkozyk esan zuenez, nahiago du NDF munduko ekonomia gidatzen ikustea, «herri batek edo bestek funtzionario gehiegi dituela esaten baino». Kapital-fluxuak arautzeko jokabide-kodea ere sortzea proposatuko du G20ko buruan dagoen bitartean, «nazioarteko trukeek kontrol handiagoa behar dutelako» eta herrien arteko desorekak murrizteko.
Hala ere, ez zuen ziurtatu herri aberatsenek pobreei agindu dieten laguntza emango dietela, gehienak gastuak murrizten ari direlako krisiaren aurrean. Horregatik, «tresna berriak» bilatu nahi ditu diru hori lortzeko, finantza trukeen gaineko zerga aipatu zuen, besteak beste. Presidente frantsesak badaki, hala ere, estatuburu askok asmo horren aurkako jarrera daukatela.
Lehengaien merkatuak
Lehengaien merkatuak ere arautu nahi ditu Nicolas Sarkozyk: «Ez badugu ezer egiten lehengaien prezioen egonkortasun ezaren aurrean, herri pobreenetan istiluak sortuko dira, eta gainera, munduko hazkundean eragin txarra izango du», ohartarazi zuen.
Ekoizpenaren, kontsumoaren eta stocken aurreikuspenak ezagutzeko, datu base bateratua sortzea proposatu zuen, petrolio merkatuak darabilenaren modukoa, elikagaien krisiak ekiditeko.
«Nola azaldu finantza merkatuak arautu nahi ditugula eta ez lehengaiena?», galdetu zuen Sarkozyk.
Bestalde, mundu osoko sindikatuekin eta patronalekin «goi bilera soziala» egiteko asmoa erakutsi zuen, «babes sozial unibertsalaren gutxieneko mailak» ezartzeko.