GARA > Idatzia > Euskal Herria

Paueko Auzitegiko fiskala, Gesalaga eta Zaldibar Espainiaratzearen alde

Iraitz Gesalagaren eta Aiala Zaldibarren kontrako euroagindu eskaerak aztertu zituzten atzo Pauen. Biak Madrilgo Auzitegi Nazionalaren esku uztearen alde agertu zen fiskala. Igor Uriarte agertu ez zenez, ez zuten bere eskaera aztertu. Asteartean ezagutuko dira erabakiak.

A.M.

Bi euskal herritarren aurkako euroagindu eskaerak aztertu zituen, atzo, Paueko Instrukzio Ganberak. Lehenik, Seyssesen kartzelatua dagoen Iraitz Gesalagarena eta, gero, Aiala Zaldibarrena. Fiskala euroaginduak onartu eta Espainiaratuak izan daitezen eskatu zuen, ohi moduan, «prozeduraren baldintza formalak betetzen direlako».

Gesalagari ETArekin zerikusia izatea leporatu dio Auzitegi Nazional espainolak, antza denez Estatu frantsesean atxilotutako militante batzuei aurkitu zizkieten dokumentuetan oinarrituz.

Datorren asteartean Ganberak bere deliberoa jakinarazi bitartean, espetxean segituko du urtarrilaren 11n Ziburun atxilotutako zarauztarrak.

Segiko kide

Zaldibarri dagokionez, «Garbi 1» deituriko polizia operazioan erdietsitako informazioan oinarritzen da Auzitegi Nazional espainola gasteiztarrari Segi erakundeko «agintaritzaren artekari bileretan» parte hartu izana leporatzeko. Bere abokatu Amaia Rekartek akusazioaren «funts eskasa» argudiatuta, zehaztasun gehiago eskatu ditu bilkura horien inguruan.

Paueko epaileak datorren asteartean erabakiko du Madrili informazio gehigarria eskatuko dion edo zuzenean euroagindua ontzat emango duen. Ordura arte, Zaldibar baldintzapean aske izango da.

Berarekin batera, urtarrilaren 18an Baionan atxilotu zuten Igor Uriarte, berriz, ez zen auzitegira azaldu eta, horrenbestez, bere aurkako euroagindu-eskaera ez zen aztertu. Berarekin «fidatu» ostean aske utzi izana deitoratu zuen fiskalak.

Bi gazteei elkartasuna adierazteko epaitegira bertaratu ziren ehun bat lagunek elkarretaratzea egin zuten atarian. Polizia ugari bazegoen ere, ez zen gorabeherarik izan.

«trafikoa»

Askatasunak, bi estatuek, «euroagindua baliatuz, euskal herritarren kontra darabilten trafikoa» salatu du. Defentsa-eskubidea «urratu eta gatazkaren konponketa zangopilatzen» dutela gaineratu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo