Bertsolaritza kameleonikoa
Bertsozale Elkarteak datorren larunbatean egingo du Donostiako Kursaalen urteroko Bertso Eguna. Aurtengoan, kameleoia eta bere itxuraldaketa ezagunak izango dira ardatz nagusiak. Ideia oholtzaratzeko, hamabost bertsolari sartuko dira kameleoiaren azal aldakor berean.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Bertsolaritzak tradizioaren iturritik edan izan badu ere, berrikuntzaren egarri da gaur egun eta, ideien lehorteari aurre egite aldera, laborategian sortzen du bere edabe magikoa. Aurtengoan, iaz bezala, Donostiako Kursaal aretoa izango da esperimentazioaren erdigunea; probarako animaliak, arratsaldeko seietatik aurrera oholtzaratuko diren hamabost bertsolari (Julio Soto, Jone Uria, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza, Iker Zubeldia, Sustrai Colina, Xebastian Lizaso, Jon Maia, Andoni Egaña, Alaia Martin, Arkaitz Estiballes, Aitzol Barandiaran eta Igor Elortza).
Esperimentuetan erabili ohi diren akurietatik urrun, animalia exotikoago batetik abiatuko dira Bertso Eguneko laborategi saioak. Aurtengoan, kameleoia hartu du ardatz Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, bere izaera aldakor eta egoeretara egokitzeko gaitasunarengatik.
Jon Agirresarobek Bertsozale Elkartearen izenean atzo azaldu zuenez, «elementu ugari daude saioa baldintzatzen dutenak, horien artean publikoa eta espazioa dira beharbada nagusienak. Bertsolariak bitarteko gutxirekin eremu askotara moldatzen jakin izan du. Hori, bertsolariek, ustekabean edo nahita, kameleoiarena egin dutelako izan da», esan zuen. Ideien joskera, ahotsa, doinua eta tonua dira, besteak beste, bertsolariak historian zehar izan dituen arma nagusiak baina, kameleoiaren aldakortasunaren antzera, bertsolaritza egiteko estiloak eta manerak ere aldatu egin dira denboraren igaroan.
Aldakortasun horren lekuko izango da Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak eta Donostia Kulturak, Kutxaren babesarekin, larunbatean egingo duten Bertso Eguna. Bi ataletan banatuta egongo da; batetik, arratsaldeko seietan Kursaalen egingo den bertso saioa eta, bigarrenik, 21.00etan NiNeu jatetxean izango den afaria.
Arratsaldeko ekitaldiak bi ordu inguru iraungo du eta aldarte eta baldintza ezberdinetako saioak irudikatu eta entzungo dira oholtza gainean. Hamabost «kameleoi bertsolariak», Alaitz Rekondo eta Egoitz Aizpururen esanetara ariko dira.
Horrez gain, aurten 50 lagunek ekitaldia oholtza gainetik jarraitzeko aukera izango dute. Dagoeneko 30 lagunek onartu dute gonbita, baina oraindik aukera irekia dagoela jakinarazi zuten antolatzaileek. Izena eman nahi duenak sustapena@bertsozale helbidera idatzi edo 943 694 129 telefonora deitu beharko du.
Kursaaleko saiorako berrehun sarrera inguru geratzen dira oraindik salgai; afarirako, ordea, salmentan jarri ziren 650 sarrerak astebetean agortu ziren. 21.00etik aurrera abiatuko den bigarren hitzordua NiNeu jatetxean ezarri dute berriz ere Bertsozale Elkartekoek. Bertan, Arrate Illaro, Jone Uria eta Itxaso Paiak, Gibelurdinek musika taldearekin, bertso musikatuak eskainiko dituzte. Jokin Urangaren eta Iñaki Gurrutxagaren bertsoak ere izango dira, baita sorpresa kameleonikoren bat edo beste ere.