GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lakuaren Etxebizitza Legearen aurreproiektua «baztergarria» dela dio EAJk

Merkatu librean etxebizitza eskuratzeko arazoak lituzketenak ez ezik, gizarte osoaren etxebizitza eskubidea bermatuko lukeen Etxebizitza Legea osatzeko eskatu dio EAJk Patxi Lopez buru duen Gobernuari.

p019_f0278329.jpg

GARA | DONOSTIA

Gasteizko Gobernuak esku artean dabilen Etxebizitza Legearen aurreproiektuak jasotzen duen eskubide subjektiboak Etxebiden eskaria egina duen gehiago zabala «kanpoan» uzten dutela salatu zuten atzo prentsaren aurrean EAJko parlamentari Ricardo Gatzagaetxeberria eta Juan Antonio Arieta-Araunabeñak. Ezintasunak dituzten pertsona helduek ez ezik, «gizarte osoak» ordaintzeko moduko prezioak jartzeko eskatu zuten. Era berean, PSEren Gobernuak aurreproiektua bere kabuz aurkeztu izana ere ez dela egokia uste du EAJk, eta legeak aurrera egitea nahi badute edukiak aldatu beharko dituztela ohartarazi die.

Etxebizitza politika zehazteko Gobernua «atzeratuta» dabilela uste dute legebiltzarkideek. Izan ere, proiektua Ganberara 2012ko abenduan eramango lukete eta ez litzateke indarrean sartuko, behar adinako babesa jasota ere, 2013ra arte.

Etxebizitza Legearen aurreproiektua aurreko ostiralean aurkeztu zuen Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuak eta etxebizitza izateko eskubide subjektiboa defendatu zuen, alegia etxebizitza eskaria auzitegietara eramateko aukera, merkatu librean baztertuta gera litezkeen kolektiboentzat. Horren gainean, Gatzagaetxeberriak zehaztu zuenez, EAJk «ongi» ikusten du «eskubide subjektiboa» izatea, baina, «gizarte osoarentzat» behar lukeela uste du. Hortaz, EAJk etxebizitzen prezioak arrazoizkoak izan daitezen proposatu zuen, «familien diru sarreren %30 baino gutxiagokoak».

Lakuako bozeramaile Idoia Mendiak, bestalde, aurreproiektuari buruzko kritikak «azkarregi» etorri direla esan zuen, orain legea hasiera fasean omen dago-eta. Hala ere, «ulergarritzat» jo du «PP edo EAJ gisako alderdi kontserbadoreek» kontrako jarrera agertzea.

Arratsaldez, Etxebizitza Sailak ohar bidez erantzun zien EAJko parlamentarien adierazpenei. Legea «atzerapenekin» datorrela esatea ez da onargarria eurentzat, «EAJk, Lehendakaritzan izan den 30 urtetan, ez baiotio legeari lehentasunik eman».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo