GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Kasinoak zabalik jarraitzen du

Zeinahi izan delarik Volcker Obamarengandik aldentzearen zioa, argigarria da ordezkoaren nortasuna: Jeffrey Immelt, General Electric konpainiaren zuzendaria azken urteotan

Wikileaksek argitaratutako dokumentuen ekarpen intelektual sakonena izan litekeena (duela bi urte H. Clintonek K. Rudd lehen ministro australiarraren aurrean, Txinarekin nola jokatu hizpide zutela, bota omen zuena: «nola egiten diozu gogor zeure bankariari?») burutik kendu ezinik, hobea -edo behintzat hurbilagoa- aditu dut joan den astean. Europako Banku Zentralaren nomenklaturan bigarrenak, Jürgen Stark ekonomialari alemaniarrak jaulki du: «Kasinoak zabalik jarraitzen duen irudipen garbia dauka batek». Finantza krisiaren ondoren bankarien jokamoldean nahitaezkotzat omen ziren -eta inondik ageri ez diren- aldaketez ari zen, jakina.

Bata bestearekin lotuta dagoela esango nuke, gainera. Hu Jintaok AEBetara egin berri duen bisitaldiaren (edota Merkelek berehala Madrilera egingo duenaren) aurrean Clinton anderearen gogoeta zuzenean badator, Starkena ezinbestekoa da Obamaren bigarren urtearen balantzea egiterakoan. Edo Zapateroren Gobernuaren anabasa ekonomiko-sozia- laren nondik norakoa ulertu nahi bada. Kasinoak zabalik jarraitzen du, eta hango mahaietan xahutzen ari dira sukaldeko lapiko tristetik ostutakoak.

Ez dakit zer esango zion Obamari jendaurrean isil-isilik joan den Paul Volcker ekonomia aholkulari bereziak; baina ezer esan badio, horrelako zerbait izango zen, apustu. Kasinoan -finantzen mundu lotsagabe eta errukigabean- zentzu eta gizalege apur bat ezarri beharraren aldarrikatzaile bakanetakoa izan zen Volcker bere oinordeko Greenspanen garaietatik. Eta krisia sutu zenetik, oinarrira joan beharraz baino ez zuen hitz egiten, askoren harridurarako. Agian, horregatik izan zen Obama hautagaiaren alde agertu zen guru ekonomiko bakanetakoa, eta beronek aholkulari berezi izendatu zuen duela bi urte. Laurogei eta piko urterekin, konplimendutan denborarik galtzen ez duenaren sona du. Eta agian, Kongresu berriarekin Etxe Zuriak egin berri duen tratuak, Bushen garaietan aberatsenei egin zizkieten zerga kenketak beste bi urtez luzatuz, basamortuko predikuan ari zela ohartarazi du.

Zeinahi izan delarik Volcker Obamarengandik aldentzearen zioa, argigarria da ordezkoaren nortasuna: Jeffrey Immelt, General Electric konpainiaren zuzendaria azken urteotan. Atzo ganberen aurrean lehendakariak egindako urteroko hitzaldiaren iruzkina aldez aurretik kaleratuz, gogotik eman dio Krugman Nobel saridunak, izendapenari baino areago haren esanahiari. «Lehiakortasunaren mitoa» du titulua zutabeak, baina «General Electric-en mitoa» izan zitekeen, benetan jorratzen duena horixe baita: «GE-rentzat ona dena, ona da AEBentzat» zioen esaera zahar bezain iraungiak. Globalizazioaren kasinoko mahaietan kolorezko fitxatxoak pilatu eta lekuz/eskuz aldatzea ia beste ezer egiten ez duen konpainia bihurtuta dagoelako hura ere... Wall Street pikutara joan ez zedin zakukadaka banatutako diru publikoarekin jokatuz.

Zabalik ez ezik su batean dago mundu mailako finantza globalizatuen kasinoa. Ez zen hori duela bi urte Obamari ongietorria egitera joan zirenen itxaropena, seguruenera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo