Libanoko Parlamentuak politika propioa egiteko aukeraren alde bozkatu du
Libano xake taula gisa erabiltzen du Mendebaldeak joko geoestrategikoan. Hala ere, badirudi libanoarrak ez datozela bat erabilera horrekin eta Mendebaldearen jokaldietatik aparteko politika nahi dutela beren herriarentzat. Hala erabaki zuen atzo hango Parlamentuak Najib Mikati lehen ministro aukeratuz. Saad Hariri ez zen gustura agertu parlamentarien erabakiekin, ez baitzuten bera hautatu, eta kalean bere aldekoek istilu ugari eragin zituzten, deitua zuten «haserrearen eguna» dela eta. Gutxienik bitxia da Mendebaldearen aldekoek, Hizbullahri indarkeria leporatzen dioten berberek, indarkeriari heltzea erabaki demokratikoak gustuko ez dituztenean. Mendebaldeko herrialdeek Haririren aldeko jarrera ezkutatu gabe, ez dute lortu Libanoko presidente eta parlamentarien arteko kontsultetan eragitea eta ondorioz, ezingo dituzte beren ustezko xake taulako piezak nahi duen bezala mugitu. Haririren aldekoek Hizbullahri Estatuaz jabetzeko ahalegina leporatu diote, baina sinesgarriagoa da talde horren helburua, eta libanoar askorena, kanpoko kontrola saihestea dela, eta Mikatiri bere sostengua emanez badirudi herrialdean nazio politika egiteko aukera dutela.