GARA > Idatzia > Kultura

Onartezintzat jo dute Patxi Lopezek euskara eta indarkeria lotu izana

Astelehenean Euskararen Aholku Batzordearen lehenengo bileran Patxi Lopez lehendakariak euskalgintza eta bortizkeria lotu izana gogor salatu zuten atzo bileran bertan izandako hainbat batzordekidek, baita alderdi politiko gehienek ere. Adierazpenok «onartezinak» eta «desegokiak» direla esan zuten, eta euskarari ez diotela mesederik egiten.

p040_f01_148x116.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Hizkuntza politikan aholkulari izango den Euskararen Aholku Batzordearen lehen bileran bortizkeriarekin lotu zuen Patxi Lopezek euskalgintza. «Espero dugu laster minbizi hau iraganeko kontua izatea -esan zuen-. Horrek bide berriak urratu eta gauzak asko erraztuko dizkio euskalgintzari. Euskarak bat egingo du behin betikoz askatasunarekin». Adierazpen hauekin desadostasuna azaldu zuten atzo hainbat batzordekidek.

Andres Urrutia euskaltzainburuak, esaterako, onartu zuen momentuan ez zituela biharamunean gehienek interpretatu zituzten bezala ulertu hitzok. «Gizarte honek baditu itxaropen batzuk bakearen ikuspegitik. Bake sendo, iraunkor, finko bat lortzeak onurak ekarriko lituzke. Ezin dugu baldintzatu euskara bakearekin baina dudarik ez dago bakearekin lortuko genukeela ezaugarri horiek areagotzea. Nik hortik ulertu nuen».

AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mujikak argi du euskara eta indarkeria lotu zituela, «eta hori ez da bidezkoa inondik inora», esan zuen. «Gure hizkuntza guztiz lotu du politikarekin eta aurreiritzi ideologikoekin. Ez dakit Lopez gogotsu dagoen euskararen aldeko lanean jarduteko», erantsi zuen. «Horrelako adierazpenek mesede gutxi egiten diote gure hizkuntzari. Behin eta berriro esaten da euskara politikatik urrundu behar dela, baina oraingo honetan bete-betean politizatu da. Lehendakariak esandakoak aspaldian entzuten ez zirenak jarri ditu berriro mahai gainean».

Batzordearen eraketari buruz ere mintzatu zen Mujika. «Aholku-emailea izango den neurrian, euskal kulturako eta euskalgintzako iritzi gehiago bildu beharko liratekeela uste dut, hala nola Kontseiluko kideren bat edo Topagunekoren bat... Bestalde, egia da izendapen batzuek harritu egin gaituztela, batez ere kide berriren batek orain arte egindako bideagatik, baina oraindik ikusteko dago zer-nolako ekarpena egingo duten».

Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak ere gogor kritikatu zuen Lopez. «Xantaia kutsua ere izan dezakete halako adierazpen batzuek. Izan ere, inplizituki adierazten dute orain arte zaildu egin dela euskalgintzaren lana», esan zuen. «Gure herrian askatasun falta euskaldunak dauka. Euskaldunari ukatzen zaio euskara askatasunez egiteko eskubidea. Euskaldunari ukatzen zaizkio egunero hizkuntza eskubideak».

Batzordeko kide den Nerea Azurmendi kazetariak ere ez zituen egoki ikusi Lopezen hitzak. «Bere horretan, desegokiak eta guztiz lekuz kanpokoak iruditzen zaizkit, eta onartezina, gezurra delako batik bat, euskara eta indarkeria lotzen dituen diskurtso interesatu, pobre eta topikoa, normalean entzuleria jakin bat pozik uzteko erabiltzen dena. Horren parean kezkatzen nau, ordea, honelakoetan egiten diren espantu politikoak -behin eta berriro euskara eta politika bereizi behar direla esaten dutenek bultzatuak, hain zuzen- iruditzen zaidalako estali egiten dituztela euskararen eta euskaldunon egiazko arazo eta premiak eta bidea ixten dietela hori baino askoz ere beharrezkoagoak, eta seguruenik gordinagoak, izan daitezkeen eztabaidei».

Lakuak ukatu egin du

Idoia Mendiak Lakuako gobernuaren izenean hitz egin zuen atzo eta bere esanetan, «sortu den polemika antzua da». Euskararen eta indarkeriaren artean loturarik ez dagoela esan zuen, nahiz eta «terrorismoak euskal gizartea baldintzatu» duen, «hizkuntza barne».

EAko eta Aralarreko parlamentariek lehendakariaren azalpena eskatu zuten. Mikel Basabek (Aralar) gogoratu nahi izan zion «debekatuta egon den hizkuntza bakarra euskara» izan dela, «milaka urteko hizkuntza, ETAren aurretikoa bakarrik ez, herri honetan egondako edozein administrazio egitura baino lehenagokoa, beraz».

Juanjo Agirrezabalak (EA), bestalde, «berehalako zuzenketa bat» eskatu zion Lopezi, bere hitzek «euskararekiko aurreiritziz betetako eta iraganean iltzatutako ikusmoldea» erakusten dutelako. «Euskararekin guztiak balio duela uste dute. Horren froga da lehenengo Jon Juaristi Aholku Batzordeko kide izendatu izana, dakitenean euskara iraintzera emana izan dela. Eta orain euskaldun guztiok indarkeriarekin lotzen gaituzte. Ez dago hori baino irain handiagorik, eta gehiago lehendakariarengandik etorrita», esan zuen.

Iñigo Urkullu EAJko presidenteak ere zuzenketa bat eskatu zion Lopezi. «Bere intentzioa beste bat izan bazen ere, hitzak hor daude», adierazi zuen. «Ez dakit zein harreman duten hizkuntzak eta indarkeriak, astakeria galanta iruditzen zait», eman zuen aditzera. Juaristiren izendapenaren inguruan, «ez dirudi berriketa denik», esan zuen. «Agian aldaketaren ideia horrekin insistitzearen helburuari erantzuten dio».

«Falazia» hitza erabili zuen, bestalde, Hamaikabat alderdiak komunikatu baten bitartez. Lopezen baieztapenak «aurreiritzietan oinarritzen dira, ezjakintasunaren ondorioz, eta arduradun politiko batean erabat desegokia da».

STEE-EILAS sindikatuak ere iraingarritzat jo zituen Lopezen adierazpenak, «euskara hainbeste urtean zokoratua eta debekatua egon baita». Sindikatuaren ustez lehendakariak «beste behin indarkeria eta euskara lotu nahi ditu, bata bestearen existentziaren ondorio izango balitz bezala».

MESEDERIK EZ

«Horrelako adierazpenek mesede gutxi egiten diote gure hizkuntzari. Behin eta berriro esaten da euskara politikatik urrundu behar dela, baina oraingo honetan bete-betean politizatu da», esan zuen AEK-ko koordinatzaile nagusi den Mertxe Mujikak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo