GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Fipa jaialdia

«Boardwalk Empire»-ko mafiatik, «Françafrique»-ko testigantzaraino

Astelehen arratsean hasi zen FIPAren 24. edizioa Biarritzen, irekiera ekitaldi xume batekin. Lehian diren ikus-entzunezko sorkuntza gehienen kalitatea nabarmendu zen han. Lehen aldiz, bost kontinenteetako ekoizpenak izanen dira festibalean. Enegarren aldiz, ordea, Euskal Herrian eginiko lanek ez dute presentziarik ukan festibalean, eta euskarak batere ez.

p042_f01_148x88.jpg

Zuraide ETCHEMENDY

«Boardwalk Empire», Martin Scorsese zinemagileak telebistarako sortu duen telesailaren lehen kapituluak eman zion irekiera 24. FIPA jaialdiari Biarritzen. Bistan da, beraz, Europako ikus-entzunezkoen festibalik garrantzitsuena dela, eta urtez urte gorantz doala bere eskaintzaren kalitatea. Aurtengo edizioan, produktuen xerka, munduko bazter guztietara heltzeko erronkari aurpegi eman diote FIPAkoek eta programazioari behaturik argi da asmatu dutela lan horretan. Lehen aldiz bost kontinenteetako produkzioek hartuko dute parte bertan.

Lerrook idazten dituenak aldiz, eta festibal hau Euskal Herrian ospatzen dela kontuan harturik, hemengo produkzioen hutsunea eta hizkuntzaren gutxiestea kokatu ditu argitasun handiko festibalaren itzal gisako. Prentsari aurkezteko tenorean hala-nolako keinu bat sumatu zen Sail Ofizialetik kanpo Asier Altunak zuzendutako «Bertsolari» filmaren irudi batzuk agertuko zirela iradoki zenean, baina, programazioan behintzat ez da halakorik ageri. Eta festibalak bi egun bete dituen honetan, Itoiz musika taldeko partaide izan zen Jimmy Arrabitek zuzentzen duen hirukotearen musika emanaldia da euskal kutsua duen ikuskizun bakarra. Gaur gauean izanen da, herriko Kasinoan.

Bikaina da Martin Scorsesek AEBetako HBO telebista katearentzat sortu duen «Boardwalk Empire» telesailaren lehen atala. 1920tik 1933ra AEBetan alkoholaren salmenta debekatzen zuen legea du testuinguru Scorseseren kontakizunak. Lege hura Volstead izenarekin lotu zen, Michael Volstead senatariak bultzatu zuelako, eta gizartearen aldaketa orokor bat bilatzen zuen, hots, karrika nahiz etxeetan gertatzen ari ziren arazo anitzen desagertzea.

Volstead-en beraren hitzak baliatzen ditu Scorsesek kontatu nahi duena harilkatzen hasteko: «Gaur gauean, hamabietatik minutu bat igaroko denean, nazio berri baten sorkuntza ikusiko dugu». Eta nazio berri hartan dirua biltzeko parada ikusi zuten politikari, polizia eta jende anitzek, alkoholarekin tratatzen zuten mafiak nagusitu ziren alderik alde, tartean Chicagon Al Caponek zuzendu zuena.

Ez du soilik mafiaren ibilera kontatzen Scorsesek ekoitzi duen filmak, gizarte arazoak, maitasun harremanak, boterearenak... ere ukitzen baititu, baina horretan xehetasunik eman gabe, hobe, jendearen gogoa piztu eta parada dutenean ikus dezaten aholkatzea.

Ipurdi bakarrak aulki bakarra estal dezakeenez, astearterako eskaintza guztien artetik ez zen erraza izan ikus-entzunezkoa hautatzea, baina azkenik «Françafrique» dokumentalaren bi atalak izan ziren egunkari honetako kronikarako hautatuak. Patrick Benquet kazetariak ekoitzitako dokumental honek hautsak harrotu ditu afrikar zein frantses politikari anitzen artean. «Françafrique» hitzaren azalpena, Afrikan bere koloniak izan zirenen kontrola eskuratzeko edota bideratzeko, Estatu frantsesak 1960. urteaz geroztik eginiko isilpeko urratsei lotua da. Batetik, harribitxiak eta petrolioaren ustiaketari segida emateko eta, bestetik, haien interesen araberako botere politikoak agindu zezan nazio horietan. Boterean dagoenari armak salduaz edota haren kontra datorrenari bestela. Izan eskuineko edo izan ezkerreko, azken berrogeita hamar urteotan Estatu frantseseko gobernu guztiek eduki dute interes berezia Afrikako eremu handi batean, eta haien «Monsieur Afrique» (Afrikako kontuetan aditua zena eta gobernuari loturiko agintaria) partekatzeko arazorik ez dute ukan. De Gaullek lehenik, Pompidouk gero, Mitterrandek, Chiracek edota egun Sarkozyk mafiaren terminoekin lotu daitezkeen ekintza ilun eta ezkutuak aireratu nahi ditu «Françafrique» dokumentalak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo