Euskalgintzako aurpegi ezagunek bat egin dute EHEren deialdiarekin
Dagoeneko 500 baino gehiago dira «Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!» manifestuarekin bat egin duten eragile eta norbanakoak. Miramar jauregian batu ziren horietako batzuk atzo. Euskaldun burujabe eta Euskal Herri burujabearen aldeko aldarria egin zuten, eta, bide horretan, otsailaren 12an EHEk deituta Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera deitu zituzten herritarrak, bai eta herri euskaldunaren alde jarrera aktiboa izatera ere.
Maider EIZMENDI
Gotzon Barandiaran idazlea, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazle eta hizkuntzalaria, Aitziber Martinez de Lagos Sortzen Ikasbatuazeko ordezkaria, Paul Bilbao Kontseiluko lehendakaria edota Jose Mari Agirretxe Porrotx izan ziren atzo Miramar jauregian egin zen agerraldian parte hartu zuten euskalgintza eta herri mugimenduetako dozenaka ordezkarietako batzuk.
EHEk orain bi aste egin zuen otsailaren 12an Donostian egingo den manifestaziorako deia. Halaber, nazio zein herri mailan harreman dinamika abian jartzeko asmoa erakutsi zuen, bai www.euskalherrianeuskaraz.org webgunean «Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!» dokumentua eskegiz, bai euskalgintzako eta herri mugimenduetako eragileengana bai euskal kulturaren alde diharduten norbanakoengana joz.
Agerraldian iragarri zutenez, jada 500 eragile eta norbanakok eman diote atxikimendua manifestuari eta mobilizazioari, horien artean euskalgintza eta kultura arloan ezagunak diren hainbat pertsonak. Horietako batzuk Donostian ziren atzo: Paul Bilbao eta Iker Salaberria (Kontseilua), Oskar Elizburu (AEK), Nestor Salaberria (Sortzen Ikasbatuaz), Mikel Luloaga (Bai Euskal Herriari), Itziar Arratibel (ESAIT), Ainhoa Larrabe (Euskal Herriak Bere Eskola), Olga Lopera (Anitzak), Gotzon Barandiaran, Xabier Mikel Errekondo, Joseba Alvarez edota Inazio Agirre. Agerraldian parte hartu ez arren, beste hainbatek ere deialdiari atxikimendua adierazi diote: Iñaki Perurena, Xabier Amuriza, Itziar Ituño, Amets Arzallus, Koldo Tellitu, Nagore Amondarain, Ander Iturriotz edota Aiora Zulaika Pirritxek.
Miramar jauregian batutakoek manifestuarekin bat egitearekin batera, gizarteari euskararen alde aktibo izateko deia egin zioten. Gotzon Barandiaran izan zen guztien izenean manifestua irakurri zuena. Agiriak, asimilazio prozesuaren ondorioz, euskaldun elebakar gisa bizitzea ezinezko bihurtu dela salatzen du, «gaztelera eta frantsesa bilakatu baitira hizkuntza hegemonikoak Euskal Herrian, nazio hizkuntza den euskara menpeko bihurtuz». Horretan, estatu frantsesa eta espainola jo dituzte erantzule nagusitzat, «nagusitasun hori mantentzea helburu duten hizkuntza politikak» aplikatzen baitituzte.
Manifestuan jasotzen denez, ordea, beharrezkoa da munduko hizkuntza eta kultur aniztasunaren ondareari euskararen herri osasuntsuak bere berezko ekarpena egiten jarrai diezaion, eta, bide horretan, testuarekin bat egin dutenek euskaldun burujabe bizitzearen alde egitea ezinbestekoa dela diote, «bai norbanakoen mailan, hizkuntza praktika sumisoei aurre eginda, baita maila kolektiboan ere».
Euskaraz bizitzeko hautuaz gainera, «legeen eta prestigioaren bitartez eraiki beharreko» lehentasunezko estatusa behar du euskarak lurralde osoan. «Frantziar eta espainiar konstituzioek ez dute horretarako aukerarik ematen; horregatik burujabetza behar du Euskal Herriak», aldarrikatzen du Barandiaranek irakurritako testuak.
Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» izango da euskararekin batera otsailaren 12ko manifestazioan protagonista. Izan ere, EHEren sortzaileetako bat izaki eta urtetan erakutsitako borrokarako grinaren eta konpromisoaren ordainetan, omenaldia egingo diote manifestazio osteko ekitaldi nagusian.