GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Atzekoz aurrera leitua

Bertsolariek bertsoa sortzean bezala, horrelaxe egin beharko dugu aurrerantzean irakurleok ere irakurtzean; arabiarrek arabieraz irakurri bezala, atzekoz aurrera, idatzia den mezua ondo ulertuko badugu sikiera. Horrela izango da, seguruenik, normalitatea gurera etorri arte, behintzat; ekarri arte esan beharko. Horra egunotako hitz esanguratsua, zirrarazko mezua zabaldu duena: aztnugal. Ziegatik zetorren oihua, hitz eran, mundu aldrebes honetan laguntza eske ari denak idatzia. Zatarra behar du mundu honek izan, laguntza bera zuzen eskatzea debekuan dutenean. Zatarkeria Zuzenbide-Estatu omen den horrek kloaketan ilunpearen argira hazten duena. Aztnugal. Adierazgarria, bai; askotan gauzak ulertzeko burua azkenean paratu behar dugun seinale, eta handik hasi honantz irakurtzen eta ulertzen. Madarikatua azkenean goma-aparra eta plastiko-poltsa izatera heltzen den petrolioa, madarikatua ere azkenean bainu-ontzia betetzen duen ura. Tira! madarikatua baino gizajoa esan beharko, ez batak ez besteak ere ez baitute beren lur-lekua uzteko erabakia berez hartu.

Atzekoz aurrera idatzia. Saiatua naiz egunotan halakoak idazten. Ahoskatzeko gaitzak direnak ateratzen dira. Horra, Arog Laksue Airreh Autaksa!, bistakoa denez horrekin ez dago inor mobilizatzerik gurean, arabiarra izanda ere ez. Alderdiena, ostera, nahiko argigarria suertatzen da. Alderdi sozialistarena, kasurako, ESP geratzen da, iruzkinik behar ez duen aurrizkia. Iparraldeko jeltzaleena, kasuko, BNP, hexagonoko oso banku ezagunarekin leian. Popularren kasuan, berriz, ez du axola nondik nora irakurtzen den, berdin geratzen da eta.

Tira, harira!. Astea zenbakien artean joan zaigu, zenbaki batzuek denbora batean hortxe iraungo badute ere. Pentsio mota desberdinen inguruko zenbakiak gora behera. Grebak izan duen segimenduarenak, nork bereak. Gaur gaurkoz klase-borroka zenbaki-borroka bihurtu dela ematen du. Errealitate bera ulertzeko zenbaki diferenteak, baina borroka bat besterik ez. Gobernuak patronalaren sindikatu bihurtuak. Sindikatu batzuk pentsio pribatuen gobernu. Mundu aldrebesa, bai. Eta bitartean Tunisian abiatutako matxinada hegazti-gripea beste arin doa zabaltzen, Egiptora, Jordaniara ... eta NaBaira ere da heldua. Ultimatumak nonahi, eta betoak. Botoen izeneko betoa. Atzekoz aurrera leitu eta hobeto ulertuko!.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo