GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Ione Josie 2007/1/25

Euskararen unibertsoak pauso bat haratago

kazeta.info

(...) Euskalgintzak, haatik, urte garrantzitsua bizi izan du, 1998ko indar metaketa hori ahalbidetu zuen «euskararen unibertsoa» errepikatu duelarik. Hamabi urteren ondotik, balantzea egiteko unea eta ondoko urteetako erronkak definitzeko premia ikusi baitu.

Hamabi urte hauetan, euskarak aurrera egin badu ere, Euskal Herriko lurralde ezberdinetan egoera desberdinak badira ere, ez da lortu lurralde bakar batean ere euskararen normalizazioari begira nahikotasun maila batera iristen den hizkuntza-politika ez eta status juridiko egokirik. Noski, euskara urte luzez gutxiagotua izan den hizkuntza da eta egun bizi dugun egoera horren ondorio zuzena da.

Egoera irauli nahi bada, euskararen normalizazioan urrats kualitatiboak emateko euskarari lehentasunezko tratamendua eman behar zaio, hots, euskarari diskriminazio positiboa aplikatu behar genioke. (...)

Gaur egun, ordea, kasurik onenetan, euskarak maila bateko onarpen ofiziala duen menpeko hizkuntza gisa onartua da, edo, ipar Euskal Herrian, inolako ezagutza edo aitortza legalik ez du, ez bada «Frantziako ondare» izendapenaren atzetik egin daitezken irakurketarenak.

Horrez gain, Frantziako Estatuaren zentralismoaren kulturak euskarari garapen bide oro mugatzeko joera agerian utzi du, eta Eskualdeko hizkuntzen legeak aurrera egiten balu ere, pentsa daiteke, ziurrenik, ez litzatekeela euskararen beharretara egokitua litzatekeen lege bat lortuko eta ez daiteke pentsa ofizialtasunaren bidea irekiko lukeenik. Haatik, aldaketa ezinbestekoa da, denbora hizkuntza ahulenen etsaia baita.

(...) Euskaraz bizi ahal izateko urgentziazko neurriak hartu behar dira, belaunaldi berriak euskalduntzea, euskarari estatus egokia eskaintzea, hizkuntza politika burujabea eskuratzea eta gune euskaldunak babestea, zirkuituak osatzea.

Euskararen normalizazioaren erantzukizuna politikarien ardura bada ere, herritarrek, euskaraz bizitzeko duten nahia adierazteko unea iritsi da, azken batean, guk dugulako euskaraz bizitzeko nahi hori errespetatua izan dadin ulertarazteko gaitasuna, guk erakutsi behar diegu borondate hori badugula. Azken batean, herritar bakoitza da normalizazio prozesu honen bidelaguna, guziok elkarrekin euskararen unibertsoa osatzen dugulako. Nik euskaraz bizi nahi dut, besterik ez!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo