GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Itxaso Etxenike Ugarte Soziologoa

Begiratuko al dugu leihotik?

Gasteizen, leihotik begiratzen dugunean, AHTren beharrei egokituko zaien intermodal berria eraikitzeagatik hipotekatu behar gaituztela ikusten dugu. Arriaga parke natural eta historikoa lurperatuko dutela

Goizeko bederatziak. Jai eguna. «Ohean goxo nago. Kalean hotz egingo al du? Euria? Elurra? Atzo Euskalmet-ek hego haizea egingo zuela esan zuen». Askotan kalean ze eguraldi egiten duen jakiteko ohetik altxatu ere ez dugu nahi izaten. Logurak jota, alferkeria hutsagatik edota izarapean bero eta gustura gaudelako, bertan geratzen gara, mugitu ezinik ia.

Beste batzuetan, berriz, ezinbestean altxatu beharrean aurkitzen gara, lanera joan edota erosketak egitera atera behar dugulako. Horrelakoetan automatismo hutsez, jaiki eta jantzi egiten gara, kalean ze eguraldi egiten duen leihotik begiratu gabe ere. Nonbait, aurreko eguneko aurreikuspenak edota gure usteak gidatuta.

Hori da AHTren gaiarekin gertatzen ari dena. Batzuk ohean goxo daude eta ez dute bertatik atera nahi. Berdin zaie zer gertatzen den kanpoan, beraiei ez die inondik inora eragiten. Edo hori uste dute.

Beste batzuk, berriz, nahiz eta 15 zentimetroko elur geruza egon eta zero azpitik bost gradu egin, leihotik begiratu beharrean, telebistan esandakoari kasu egin eta tirantedun kamisetaz, praka motzez eta txankletez ateratzen dira kalera.

Hori da, behinik behin, 2009ko azaroan euskal soziometroak esaten ziguna. AHTren inguruan burutu zuten galdeketan, erantzun zutenen %66k aitortzen zuten ez zeudela oso informatuta edo batere informatuta. Hau da, gehiengoak onartzen zuen ez zuela informaziorik AHTren inguruan.

Hala eta guztiz ere, guztien %77k uste zuten proiektu honek ondorio ekonomiko positiboak ekarriko zituela Euskadirentzat (EAE). Are gehiago, %31k uste zuten naturari gehienbat ondorio positiboak ekarriko dizkiola! Hiriburuetako bizi kalitatean ondorio positiboak edukiko dituela uste zuten inkestatuen %81k! Eta orokorrean %68k proiektuaren alde zeudela zioten. Hots! informaziorik eduki ez arren, AHTk ondorio positiboak baino izango ez dituela uste zuten herritarrek.

Honek gauza bat uzten du argi, gure iritziz: proiektua defendatzen dutenen arrakasta publizitarioa. Zergatik? Inork proiektuaren gorabeheraz ezer azaldu ez izan arren, alde daudelako! Ez PNVk lehen, ez PSEk orain, ez dizkigute proiektuaren nondik norakoak azaldu. Ez digute esan AHTra bideratzen den diru guztia zein zerbitzuren murriztapenarekin ari garen ordaintzen. Ez digute azaldu zein izango den bidaia-txartel baten prezio erreala. Ez digute esan auzoan obrak hasten direnean, zein ondorio pairatuko ditugun. Eta ez digute azaltzen gasteiztar arrunt batek, bere egunerokotasunean, zertarako behar duen AHT.

Ez digute ezer azaldu. Publizitate kanpainak egitera mugatu dira. AHT garapena omen da. AHT tren soziala omen da. AHTk errepideetako egoera arinduko omen du. Eta herritarrok sinetsi egin dugu. Herritarrok ez dugu leihotik begiratu nahi.

Hau horrela izanik, kontrakoa ere gerta liteke, hau da, AHTren inguruko informazioa zabaldu eta jendarteak proiektu horren aldeko jarrerak hartzea. Baina, AHT Gelditu Elkarlanak 2007an burututako ikerketan agertzen zen ondorioa ez zen hori izan. Kontrakoa baizik. Argi eta garbi ondorioztatu genuen ikerketa horretan herritarrok zenbat eta informatuago egon, orduan eta handiagoa zela AHTren kontrako jarrera.

Eta ondorio horretaraxe iristen gara azken euskobarometroaren datuei erreparatzen badiegu. Iturri honetatik jaso ahal dugun informazioa prebentzio guztiekin hartuta ere, datu bat argia da: aldekotasuna %68tik %66ra jaitsi da. Eta kontrakotasuna, berriz, %10etik %19ra igo. Hau urtebeteko epean! AHTren obren ondorioak aurreratu ahala, hau da, suposatzen duenaren informazioa eskuratu ahala, aldekotasuna behera eta kontrakotasuna gora doaz.

Horregatik botere ekonomiko, politiko eta instituzionaletatik benetako informazioa publizitate kanpainen bidez estaltzen jarraitzen dute. Eta horregatik uste dugu AHT Gelditu Elkarlanean funtsezkoa dela informazioa zabaltzen jarraitzea. Herritarrok leihora hurbiltzera bultzatzea.

Gure kasuan, Gasteizen, leihotik begiratzen dugunean, AHTren obrak egiteko dirutza xahutu behar dutela ikusten dugu. AHTren beharrei egokituko zaien intermodal berria eraikitzeagatik hipotekatu behar gaituztela. Arriaga parke natural eta historikoa lurperatuko dutela. Gasteiztarrok hainbat urtez zarata, trafiko kaotikoa eta kutsadura pairatuko ditugula.

Honetaz guztiaz informatzeko eta salatzeko antolatu ditugu jardunaldi irekiak Gasteizko Arriaga auzoan. Informazioa emango dugu. Instituzioek ematen ez duten informazioa. Jardunaldia irekia da edozein herritarrentzat, baita instituzio horietatik proiektu hauek inposatzen dizkigutenentzat, hala nahi badute, beraien «pisuzko argudioak» eman ditzaten. Etorriko ez direlakoan gaude ordea.

Inoiz baino gertuago gaudelako makroproiektu basati hau gelditzetik, mugi gaitezen. Hurbildu leihora!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo